Koronabirusa Azpeitian

27 positibo atzeman dituzte Azpeitian

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 16a, 13:09

Atzo egiten hasi ziren baheketa selektiboak izan dezake positiboen gorakadan eragina. Azkoitiaren atzetik, Azpeitia da intzidentzia tasa altuena duen Gipuzkoako herria: 943,21 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa. Eskualdean, guztira, 56 positibo zenbatu zituzten atzo. Gipuzkoan, berriz, 370 positibo atzeman dituzte.

COVID-19aren hedapenak gora egiten jarraitzen du Azpeitian; izan ere, Osakidetzak emandako datuen arabera, 27 positibo zenbatu dituzte azken orduetan. Asintomatikoak detektatzeko baheketa selektiboa egiten ari dira herrian, eta horrek izan dezake positiboen gorakadarekin zerikusia. Izan ere, Maialen Lizundia Osakidetzako komunikazio arduradunak azaldu duenez, baheketako emaitza positiboak eguerdiro Osasun Sailak argitaratzen duen txostenean azalduko dira, beste positiboekin nahasian.

Goizean, Urolako eta Goierriko udalerrietako alkateek Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin bilera egin dute telematikoki. Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak ere bilkuran parte hartu du, eta batzarraren ostean adierazpenak egin ditu Izarraitz pilotalekuan. Alkortak esan duenez, egungo egoera aztertu dute bileran, eta "datuak txarrak" dira. Hala ere, hartu beharreko neurriak baheketaren emaitzaren arabera hartuko dituztela esan du. Azpeitian egiten diren baheketan herritarrak izaten ari diren erantzuna "ona" izaten ari dela esan du Alkortak.

Urola Kostan, guztira, 56 positibo atzeman dituzte: Azpeitian 27, Zumaian 11, Azkoitian zazpi, Zestoan lau, Errezilen hiru eta Zarautzen eta Aian bina. Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian eta Orion, berriz, ez dute kasurik zenbatu. Azkoitiaren atzetik, Azpeitia da intzidentzia tasa altuena duen Gipuzkoako herria: 930,04 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa (975,89koa da Azkoitian).

Datuak, lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.263 PCR proba egin zituzten atzo, eta horietatik 828k eman zuten emaitza positiboa. Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu gehien –370–; Bizkaian 329 kasu positibo atzeman zituzten, eta 116 Araban. COVID-19 gaitzaren ondorioz, 40 pertsona ospitaleratu ziren atzo hiru lurralde horietan, eta, guztira, 50 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan igo egin da azken orduetan atzemandako positiboen kopurua; 523 kasu berri detektatu dituzte. Egindako 3.477 PCR kasuen %15ek eman dute positibo.