Koronabirusa Azpeitian

Baheketaren inguruan, hainbat argibide

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 16a, 12:04

Atzo eguerdian hasi eta bihar eguerdira arte, asintomatikoak atzemateko baheketa selektiboa egiten ari dira Osakidetzako langileak Izarraitz pilotalekuan. Baheketa egiteko irizpideen inguruan hainbat zalantza sortu zaizkie herritarrei, eta zalantza horiek argitzeko helburuarekin, Maialen Lizundia Osakidetzako komunikazio arduradunakin hitz egin du Uztarriak.

Nori dagokio PCR proba egitera joatea?

17 urtetik 40 urtera arteko herritarrak daude proba egitera deituta.

Adin tarte horretatik kanpokoek ba al dute proba egiteko aukerarik?

Lehentasuna 17 eta 40 urte arteko herritarrek duten arren, adin tarte horretatik kanpoko herritarrek ere dei dezakete PCRa egiteko hitzordua hartzeko. Lizundiaren esanetan, "denei baiezkoa ematen ari dira, baina bereziki garrantzitsua da 17 eta 40 urte artekoak joatea".  

Azpeitiarrek bakarrik egin behar al dute proba?

Ez, Azpeitiko osasun eremuaren barruan sartzen diren 17 eta 40 urte arteko herritar guztiak daude proba egitera deituta; azpeitiarrak eta errezildarrak, hain zuzen.

Anbulatorio ondoko PCR gunean ere ari dira probak egiten. Nork joan behar du hara eta nork Izarraitz pilotalekura?

Anbulatorio ondoko gunera joan behar dute sintomak dituzten herritarrek edo positiboren baten gertukoak direnek; azken horiek aztarnarien deia jasoko dute, gainera. Izarraitz pilotalekura joan behar dute baheketaren barruan PCRa borondatez egitera doazen herritarrek. Bi kasuetan, derrigorra da hitzordua aurrez hartzea Azpeitiko anbulatorioko 943-02 54 00 telefono zenbakira edo Osasun Aholku Zerbitzuko 900-20 30 50 telefono zenbakira deituta.

Nola jakinaraziko dituzte baheketaren emaitzak?

Proba egin duten herritarrei SMS bidez jakinaraziko diete emaitza, gehienez 72 orduren barruan. Baheketan atzematen dituzten positiboak, berriz, eguerdiro Osasun Sailak argitaratzen duen txostenean azalduko dira, beste positiboekin nahasian. Beraz, ezinezkoa izango da jakitea egun bakoitzean baheketan agertu diren positiboak zenbat diren. Behin baheketa bukatuta, Osakidetzak datorren astean jakinaraziko ditu handik ateratako emaitzak; zenbat herritarrek egin duten proba eta horietatik zenbatek eman duten positibo, alegia.

Orain arte zenbat lagunek parte hartu dute baheketan?

Atzo 700 bat herritarrek egin zuten proba, eta gaurko, dagoeneko, beste 800 batek hartua dute hitzordua. Hitzordua hartu ez dutenek, oraindik badute horretarako aukera, gaur arratsaldean eta bihar goizean probak egiten ariko baitira Izarraitz pilotalekuan.