Koronabirusa Azpeitian

Hasi dira PCR baheketa selektiboa egiten Izarraitz pilotalekuan

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 15a, 15:01

Guztira, 17 eta 40 urte bitarteko 3.759 herritar daude testa gauzatzera deituta; hau da, Azpeitiko biztanleen %24,88.

Atzo iragarri bezala, gaur 13:00etan hasi dira PCR probak egiten Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Osasun langile ugari aritu da goizean goizetik pilotalekua probak egiteko prestatzen, eta 13:00ak jotzerako herritar ugari zegoen pilotalekura noiz sartuko zain. 

Osasun Sailak herrian baheketa egitea erabaki du azken asteetako datuak txarrak direlako. Gaur beste zazpi positibo atzeman dituzte herrian, eta 71 dira azken astean zenbatu dituenak. Izan ere, Azkoitiarekin batera, Azpeitia da 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean koronabirusak intzidentzia maila altuena duen herria. 850,22 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa.

17 eta 40 urte arteko 3.759 herritar daude proba egitera deituta, herritar guztien laurdena, hain zuzen. Proba egin nahi dutenek aldez aurretik hartu beharko dute PCR proba egiteko hitzordua, Azpeitiko anbulatorioko 943-02 54 00 telefono zenbakira edo Osasun Aholku Zerbitzuko 900-20 30 50 telefono zenbakira deituta.

Ana Errasti Azpeitiko anbulatorioko arduradunak azaldu duenez, deialdiaren erantzuna ona izan da: “Gaurko 700 bat lagunek eman dute izena, eta egun hauetan denak etortzea espero dugu, oso garrantzitsua delako kribatua egitea”. Baheketaren helburua asintomatikoak diren positiboak atzematea dela ere zehaztu du hark: “Osasun Sailak erabaki du 17 eta 40 urte bitarteko herritarrei egitea testak, inzidentzia handia delako adin tarte horretan”.

Proba egiten duten herritarrek ez dute bakartu beharko eta etxetik ateratzeko aukera izango dute, baina Osakidetzak zehaztu du "gizarte harremanetako jarduerarik ez" egitea komenigarria dela. Horrekin batera, maskara erabiltzearen eta distantziak mantentzearen garrantzia ere azpimarratu du. PCRaren emaitza 72 orduren buruan jasoko dute herritarrek, SMS bidez. Emaitza positiboa bada, gainera, telefono deia ere egingo dute. Dena den, 72 orduko epe tartea pasatuta emaitzik jasotzen ez dutenek beren osasun zentrora deitu beharko dute.

Bestalde, bihar, ostirala, Goierri-Urola Garaia eremuko alkateekin bilera egingo du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, zonalde horretako herrietako egoeraz hitz egiteko. Tartean izango dira Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak.