Koronabirusa Azpeitian

Beste zazpi positibo atzeman dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 15a, 13:23

Atzo beste zazpi positibo detektatu zituen Osasun Sailak herrian, eta 71 dira azken astean zenbatu dituenak. Azkoitiarekin batera, Azpeitia da 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean koronabirusak intzidentzia maila altuena duen herria. 850,22 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa.

Asintomatikoak detektatzeko baheketa selektiboari ekin berri diote Izarraitz pilotalekuan. 13:00etan hasi dira, eta horretan ariko dira larunbat eguerdia bitarte. 17 eta 40 urte arte 3.759 herritar daude proba egitera deituta, herritar guztien laurdena, hain zuzen. Proba egin nahi dutenek aldez aurretik hartu beharko dute PCR proba egiteko hitzordua, Azpeitiko anbulatorioko 943-02 54 00 telefono zenbakira edo Osasun Aholku Zerbitzuko 900-20 30 50 telefono zenbakira deituta.

Osasun Sailak herrian baheketa egitea erabaki du azken asteetako datuak txarrak direlako. Atzo beste zazpi positibo atzeman zituen herrian, eta 71 dira azken astean zenbatu dituenak. Izan ere, Azkoitiarekin batera, Azpeitia da 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean koronabirusak intzidentzia maila altuena duen herria. 850,22 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa.

Azpeitiko zazpi positiboez gain, beste hamahiru ere detektatu zituen atzo Osasun Sailak eskualdean: horietatik bederatzi Zumaian, bi Zarautzen, eta bana Orion eta Azkoitian.

Egoerak okerrera egin du

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nabarmen egin du gora positiboen kopuruak. 10.890 PCR gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta proba horietan 679 lagunek eman zuten positibo; proba egin zuten herritarren %6,2k, alegia. Herenegundik igo egin da ehuneko hori; izan ere, orduan PCRa egin zuten herritarren %5,5ek eman zuten positibo. Positibo kopuru altuena Gipuzkoan atzeman zuten: 303. Bizkaian, berriz, 291 detektatu zituzten, eta 77 Araban.

Atzokoan 35 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan, herenegun baino bi gehiago. Orotara, 273 lagun daude erietxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; herenegun baino hamar gehiago. ZIUn, berriz, 51 lagun daude; herengun baino bat gehiago.

Nafarroako datuak oraindik ez dituzte eguneratu.