Dena prest, Urrakiko Igoeraren XXXVIII. edizioa jokatzeko

Olaia Juaristi 2020ko urr. 15a, 11:20
Aitor Zabaleta, iazko garailea. (Argazkia: Ruben Montori)

Igande goizean izango da proba, eta guztira, ia 60 gidarik –eskualdeko zazpik– parte hartuko dute. Gainera, Azpeitikoa izango da Euskadiko Mendiko Txapelketarako azken proba puntuagarria. Zapatuan, berriz, egiaztatze probak egingo dituzte epaitegiaren aurreko aparkalekuan.

Iaz baino lau gidari gehiagok parte hartuko dute Urrakiko Igoeraren XXXVIII. edizioan. Igandean, urriak 18, izango da proba, eta guztira, 58 gidarik parte hartuko dute. Gainera, Azpeitikoa izango da Euskadiko Mendiko Txapelketarako azken proba puntuagarria. Aurten, halaber, ezohiko osasun egoera dela eta, ohi baino lasterketa gutxiago jokatu dituzte, eta Lagun-Arteako kideek diotenez, "oso erabakigarria" izango da azken proba hau txapelketako sailkapenean.

Monoplazetan, esaterako, Joseba Iraolak (Norma NP01) eta Aitor Zabaletak (Lola BMW), iazko garaileak, Euskadiko Mendiko Txapelketa dute jokoan. Iraolak hamasei puntuko aldea ateratzen dio txapelketako sailkapenean Zabaletari. Besteak beste, Abel Lombardo (Dallara F395) eta Josu Urrutibeazkoa (Silver Car S3), Iosu Beitia (Speed Car GT1000) azkoitiarra eta Iñaki Irigoien (Tracking RC01) Azpeitian izango dira monoplazetan lehiatzen.

Turismoen kategoriari dagokionez, berriz, txapela lortzeko aukera duten pilotu ugari nabarmendu dituzte antolatzaileek. 47 puntuko aldearekin, nagusi dago oraingoz sailkapenean Bruno Scherer (Porsche GT3). Hala ere, proba irabazteko lehian ariko dira Lebeiti (Renault Megane Trophy V6), Javi Elortegui (Seat 600 JTR), Jose Antonio Lopez Fombona (Lamborghini Huracan), Iñaki Alberdi (Porsche GT3) azpeitiarra, Markel Cestafe (Seat Leon), Aitor Saizar (Peugeot 207 S2000), Euke Olabarri (BRC R15), Joxe Labaka (Mitsubishi) azpeitiarra, Jon Etxeberria (Mitsubishi), Iokin Agirre (BMW M3) azpeitiarra, Gurutz Agirretxe (BMW M3) errezildarra eta Aimar Carrillo (BMW M3), besteak beste.

Igoera igandean izango da, baina ohiko moduan, zapatuan egingo dituzte egiaztatze administratiboak eta teknikoak, epaitegiaren aurreko aparkalekuan. Aurten, ordea, lekua mugatuta egongo da, jendea plazara ez sartzeko eta pilaketak saihesteko. Gainera, egiaztatze guztiak egindakoan, autoak plazatik aterako dituzte. Igandean, berriz, 10:00etan ekingo diote entrenamendu saioari, eta ordurako ikusleak lekua hartuta izatea eskatu dute antolatzaileek. Horren atzetik egingo dituzte bi manga puntuagarriak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Urraki mendatea igandeko 09:00ak aldera itxiko dute autoentzat.

Eskualdeko gidariak

Igandean hainbat eskualdeko gidari ere izango da proban, urtero bezala. Aurten, guztira, zazpi gidari izango dira lehian: Iñaki Alberdi, Joxe Labaka eta Iokin Agirre azpeitiarrak; Aritz Uzkudun lasaotarra; Josu Beitia eta Ibon Beitia aita-seme azkoitiarrak, eta Gurutz Agirretxe errezildarra.

Osasun eta segurtasun neurrien garrantzia

Antolatzaileek proba ikustera bertaratuko diren zaletu guztiei eskatu diete eremua errespeta dezatela, eta, era berean, osasun neurriak errespeta ditzatela, COVID-19a kutsatzeko arriskua saihesteko. Gaineratu dute ibilbidea luzea dela, sei kilometrokoa, eta "nahikoa leku" dagoela jende pilaketak saihesteko. Bestalde, gogorarazi dute "erabat debekatuta" dagoela ibilbidean aparkatzea.

Probaren jarraipena

Zaletuek lasterketako autoen denborak zuzenean jarraitzeko aukera izango dute igandean www.fotomotor.es helbidean. Horrez gain, Lagun-Artea eskuderiaren Facebook orrialdera argazkiak eta bideoak igotzen saiatuko direla azaldu dute antolatzaileek.