Euskal Antzerki Topaketak 2020

Dagoeneko eros daitezke XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketetarako sarrerak

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 14a, 17:42

Interneten jarri dituzte salgai Antzerki Topaketetarako sarrerak. Udalak gogoratu du Soreasu antzokiko nahiz Dinamoko aforoa mugatuta egongo dela, eta komeni dela sarrerak aurrez erostea. Urriaren 29tik azaroaren 20ra egingo dituzte aurtengo Antzerki Topaketak

XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketetarako sarrerak salgai daude jada. Azpeitiko Udalaren webgunean eskura daitezke aurtengo ediziorako antolatu dituzten antzerkiak ikusteko sarrerak. Aurten, urriaren 29tik azaroaren 20ra egingo dituzte aurtengo Antzerki Topaketak, eta Soreasu antzokian zein Dinamoa sormen gunean eskainiko dituzte emanaldiak. Udalak gogoratu du koronabirusaren prebentzio neurriak tarteko, aforoa mugatuta egongo dela Soreasun zein Dinamoan, eta sarrerak aurrez hartu behar direla azpimarratu du. 

Urriaren 29tik azaroaren 20ra egingo dituzte aurtengo Antzerki Topaketak; azken data horretan sari banaketa eginda agurtuko da aurtengo edizioa. Udalak 11 ikuskizunekin osatu du datak aurreratuta eta "indarberrituta eta berrikuntzaz beteta" datorren edizioa. Urtero legez, heldu, gazte zein haurrentzako ikuskizunak aukeran izango dira topaketetan, baina ikuskizunen ordutegien eta egutegiaren eskutik etorriko dira aipatutako berrikuntzetako batzuk. "Ordutegiak kulturzaleen ohituretara egokitu" dituztela azpimarratu du Eneritz Albizu udaleko Kultura batzordeburuak. Horrela, helduen emanaldiak 19:30ean hasiko dira aurten, 21:30ean hasi beharrean; eta umeentzako ikuskizunak, "hainbat eskari aintzat hartuta", zapatu arratsaldez izango dira aurten, eta ez igande arratsaldez. 

Topaketen inguruko xehetasun guztiak, hemen

Egitaraua

Hona hemen, XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua:

Urriak 29, osteguna. Matriuska, Iraia Elias eta Amancay Gaztañagaren eskutik. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako obra da.

Urriak 30, ostirala. Erlauntza, Vaiven produkzioaken eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako lana da.

Urriak 31, larunbata. Kaskarot, ATX Teatroaren eskutik. 17:00etan, Soreasu antzokian. Haurrei eta helduei zuzenduriko antzezlana da.

Azaroak 1, igandea. Fadoak entzuten zituen gizona, Xake produkzioaken eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako obra da.

Azaroak 5, osteguna. Urruna, Tripak konpainiaren eskutik. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako antzezlana da.

Azaroak 6, ostirala. Lanaz eta xaharretaz, Bonbon Beltz taldearen eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 7, zapatua. Ikimilikiliklik, Mari de Jongh Teatroaren eskutik. 17:00etan, Soreasu antzokian. Haurrei eta helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 12, osteguna. Tribiz, baserri galdue, Jon Ander Urrestiren eskutik. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean. Helduei zuzendutako obra da.

Azaroak 13, ostirala. Antigone edo ezetzaren beharra, Horman Poster taldearen eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako antzezlana da.

Azaroak 14, larunbata. Pinocchio lana, Gorakada Teatroaren eskutik. 17:00etan, Soreasu antzokian. Umeei eta helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 15, igandea. Guateke, Eromen produkzioaken eskutik. 19:30ean, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako lana da.

Azaroak 20, ostirala. XXXVIII. Antzerki Topaketetako hainbat gune eta momentu gogoratuz, sari banaketa. 19:30ean, Dinamoa sormen gunean.