Atzera begira

Arimek herria hartu zutenekoa

Anartz Izagirre 2020ko urr. 31a, 11:00
Kalabazak OƱatz auzoko baserri baten atarian, iaz. (Ihintza Elustondo)

Gaur, hilak 31, Arimen Gaua ospatzen da Euskal Herriko hainbat txokotan. Askok globalizazioari eta estatubatuarren hegemoniari egotziko diote Halloween ospakizunak mundu osoan egun duen arrakasta, baina asko dira duela hamarkada batzuk kalabazak hustu eta baserrietan eta herriko bazterretan jartzen zituzten euskal herritarrak ere. Azpeitian galdu egin zen usadioaz hitz egin dute herritar batzuek 2020ko urriko Uztarria aldizkarian.

Hotz handia egiten du kalean, eta bide bazterreko estratan ez dago argirik egiten duen farolik. Ilargi betea da iluntzea argitzen duen elementu bakarra, baina kalearen amaieran ere ikusten da argia egiten duen zerbait. Jolasean dabiltzan haurren algarak entzuten dituzu, han-hemenka, baina ume horiek ez dira inondik ageri. Pausoa azkartu duzu, urduri, norbait sumatu baituzu zure atzetik jarraika. Ez duzu atzera begiratu nahi, eta lasterka kalearen amaierara heldu zara. Konturatu zara zer zen kalearen amaieran argia egiten zuen elementua, begirada maltzurra eta irribarre zitala dituen kalabaza bat, barruan kandela batekin. Gainean sentitu dituzu atzetik jarraika zenituen pausoak, eta atzera begiratzera ausartu zara. Izara gainean daraman haur batek izutu zaitu: bu!.

"Horiek amerikanoen gauzak dituk", esango lizuke edonork kalean halako zerbait gertatu zaizula kontatuko bazenio, azken hamarkadetan sona handia hartu baitu Santu Guztien Egunaren bezperan, urriaren 31n, AEBetan nahiz bestelako herrialde anglosaxoi batzuetan ospatzen den jaiak. Jai horren jatorria guztiz argituta ez badago ere, ikertzaile askok uste dute jatorri zelta duela Halloween, Arimen Gaua, Gau Beltza edo Sorginen Gaua bezala ere ezagutzen den ospakizunak. Gaur egun, ordea, munduko beste hainbat txokotan, eta, tartean, Euskal Herriko hainbat lekutan ere ospatzen da Arimen Gaua. Askok globalizazioari eta estatubatuarren hegemoniari —ikus-entzunezkoen industrian duten eraginagatik, esaterako— egotziko diote ospakizun horrek mundu osoan egun duen arrakasta, baina asko dira duela hamarkada batzuk kalabazak hustu eta baserrietan eta herriko bazterretan jartzen zituzten euskal herritarrak ere.

Hain zuzen ere, azken urteetan interesa sortu du Arimen Gauak euskal jatorria duenaren zurrumurruak, eta hainbat herritan ari dira gure arbasoek Santu Guztien Egunaren bezpera inguruan zituzten usadioak berreskuratzeko lanetan. Adibidez, Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltza Euskal Herrian ospatzeko ikastaroa antolatzen du urtero, eta beraien herrietan ospakizun hori antolatu nahi duten herrietako elkarteek zein norbanakoek parte hartzen dute ikastaroan. Herri batzuetan besteetan baino indar handiagoa du eta izan du jaiak, baina Azpeitian ere badira "nola Halloween? Guk ere egiten genituen halakoak!" dioten herritarrak.

Baserrietan, auzoetan nahiz kalean

Juan Eizagirrek (Azpeitia, 1950) ondo gogoan du udazkenean Sahatzeta baserriaren inguruan kalabazak jartzen zituztela: "Hogei kilo inguruko kalabaza bat hartu, hazi guztiak kendu eta begi zuloak eta ahoa egiten genizkion; ondoren, kandela bat sartzen genion barruan, eta bi sokarekin baserriaren inguruan jartzen genuen, jendea ikaratzeko". Eizagirrek dio inguruan ez zirela hori egiten zuten bakarrak: "Kalabazak zeuden leku askotan egiten zuten hori, eta garai hartan ganaduarentzat-eta pila bat izan ohi ziren baserri askotan. Hori dela eta, kapritxoa ematen zigunetan egiten genituen halakoak".

Azpeitiarraren arabera, garai hartan soziedaderik izan ez, eta afari asko egiten zituzten etxean kuadrillakoekin. Otordu horietan elkar izutzen ibiltzen zirela ere gogoan du: "Gure baserrian afari asko egiten genituen kuadrillakook, eta gogoan dut behin izara buruan jarri eta lagunak izutzera atera nintzela". Beste baserri batzuetara ere joaten zirela dio Eizagirrek: "Beste etxeren batean afaria zutela jakiten bagenuen, hara joaten ginen ingurukoak ikaratzera, eta kurrixkaka hasten ziren".

Azpeitiarrak dio udazkena kalabaza denboraldia dela, eta ez zituztela egun zehatz batean husten horiek, nahiz eta gogoratzen den Santu Guztien Egunaren bueltan egiten zutela: "Gogoan dut urria eta azaroa bitartean husten genituela kalabazak, baina ez zehazki azaroaren 1ean". Azpeitiarrak azaldu du hark 10 urte inguru zituela ibiltzen zirela halakoak egiten, eta kalabazak hustearen ohitura nondik datorren ez dakien arren, jakin badaki bere arbasoek ere bazutela usadioa: "70 urte ditut, eta 20 urte egin nituen arte-edo ibili nintzen halakoak egiten. Ondoren, ohitura apurka-apurka desagertzen joan zen, eta gazteagoei galdetuta, arrastorik ere ez dute gai horretaz. Ez dakit ohitura hori nondik etor daitekeen, baina esan dezaket ehun urte baino gehiagoko kontua dela kalabazak hustearena, nire aitonak bere garaiko istorioak kontatzen baitzizkidan".

Bestalde, Azpeitiko kaleetan ere baziren kalabazekin jolasean ibiltzen ziren haurrak duela hamarkada batzuk; horren lekuko da Joxemari I. (Azpeitia, 1942). 1950eko hamarkadaren bueltan kaleak ez ziren orain diren modukoak, eta azpeitiarrak gogoan du bizpahiru farola bakarrik egoten zirela kaleak argiztatzeko: "Kalabazei begietan eta ahoan zuloak egiten genizkien, eta paper gorrixka bat jartzen genien begietan. Ondoren, Erdikalean eta kanposantuan jartzen genituen kalabazak, jendea izutzeko. Orduan kaleak oso ilunak ziren, argi gutxikoak, eta misterio puntu bat ematen zieten kalabaza horiek".

Gainera, azpeitiarra akordatzen da kandelak parrokiatik lapurtzen zituztela ere: "Elizako aldaretik osten genituen kandelak, eta gero barrez jarduten ginen horregatik".

Halako kontuak lagunartean egiten zituztela dio hark, baina ez da oroitzen herriko gainontzeko lekuetan halakorik egiten zen ala ez: "Etxe Zuri pare horretan ibiltzen ginen jolasean mutil kozkorrak ginenean, baina hortik gora ez ginen joaten. Ez dakit gainontzeko lekuetan kalabazarik jartzen zuten ala ez". Urteak igaro ahala, ohitura desagertzen joan zela dio: "12 urterekin alde egin nuen Azpeititik eskolara, eta nik uste egiten genuenak ez zuela jarraipenik izan". Dena den, argi du ikasitako zerbait izan zela kale bazterretan kalabazak jartzearen kontua: "Madalena inguruan ume askoko familiak bizi ziren, eta gu baino zaharragoak ziren horiei ikasi genien guk kalabazak jartzearen ohitura".

Bestalde, azpeitiarrak gogoan du kalabazak jartzen zituzten garaia Santu Guztien Egunaren bezpera inguruan izaten zela, eta bizpahiru egunetan husten zituztela kalabazak. Dena den, orduko usadioa gaur egun egiten denaren aldean oso ezberdina zela dio: "Halloween amerikanoa guretzat gauza berri baten modukoa da, nahiz eta uste dudan egiten genuenak lotura zuela Santu Guztien Egunaren bezperarekin".

Era berean, Azpeititik apur bat aldenduta, Urrestillan ere baziren herritarrak izutzen ibiltzen ziren gaztetxoak, eta horren erakusle da Julian Aranburu (Urrestilla, 1953). "Herriaren sarreran jartzen genituen kalabazak kandelarekin, kilometroaren seinalea dagoen pare horretan. Guk etxean izaten genituen kalabazak ganaduarentzako, eta inguruan bi baserri eta ume mordoa zeudenez, hantxe ibiltzen ginen kalabazekin jolasean. Bestalde, izara burutik behera jarrita ere ibiltzen ginen". Urrestildarrak gogoan du garai hartan oso iluna zela bizi zen ingurua: "Harri-pareta zegoen gu bizi ginen inguruan, eta orain bidegorria dagoen parean guztia hesituta egoten zen. Ingurua ez zen orain bezain argitsua".

Aranburuk uste du Nuarbeko eta Aratzerrekako baserri atarietan ere izango zutela kalabazak jartzeko ohitura, eta garai bateko kontua izango dela: "Kalean-eta zer egiten zuten ez dakit, ezta gure arbasoek halakorik egingo zutenik ere, baina guri norbaitek irakatsiko zigun halakoak egiten. Ziur nago beste baserri batzuetan ere egingo zituztela horrelakoak". Urrestildarra txikia zenean, 1960ko hamarkadaren inguruan ibiltzen ziren kalabazak jartzen, baina usadioa gainbeheran ezagutu zuela dio: "Gure garaian oraindik egiten zen zerbait, baina ondoren ezer ez. Nik 13-14 urte bete nituenean utzi nion kalabazekin jolasean ibiltzeari, umekeriak zirela uste bainuen orduan, eta ohitura hori galtzen joan zen inguruan apurka-apurka. Ni baino hamar urte zaharrago direnak gehiago oroituko dira".

Kalabazak hustearen ohiturak Santu Guztien Egunarekin zerikusi zuzena duela pentsatzen du Aranburuk, baina dio beste momentu batzuetan ere ibiltzen zirela jendea izutzen: "Eduki behar du esanahiren bat egiten genuenak, beti azaroaren 1aren bueltan egiten genituen-eta horrelako gauzak. Garai horretan, ordea, ez genuen beste jolasik, eta beste egun batzuetan ere egingo genituen halako gauzak".

Arimen Gaua berpizten

Bestalde, azken hamarkadetan asko indartu da egun Halloween izenez ezaguna den ospakizuna, bai Euskal Herrian, bai inguruko beste herrialdeetan ere. Izan ere, udazkenean sartu eta urriaren 31 gerturatzearekin batera, asko dira festa horren aitzakian askotariko ekintzak antolatzen dituztenak. Gai horren harira, ospakizun horrek Euskal Herrian duen eragina aztertu zuten Josu Ozaitak eta Jaime Altunak Itzalitako kalabazen berpiztea liburuan; Arimen Gauaren, Gau Beltzaren nahiz Halloweenen ikerketa etnografikoa egiten dute bertan bi egileek.

Liburu horretan aipatzen den moduan, gaztetxo askok ia betidanik ezagutu izan dute ospakizun hori, Euskal Herrian kalabazak hustearen ohiturak azken urteetan indarra galdu arren —hainbat herritan ohiturak berreskuratzen ari badira ere—, AEBetan nahiz bestelako herrialde batzuetan indar handia duen jaia baita. Gazteek zein helduek eskura dituzte Halloween jaiari loturiko produktuak nahiz gainontzeko edukiak telesailetan, merkataritza guneetan, tabernetan eta diskoteketan nahiz jolas parkeetan, besteak beste, eta horrek garai bateko ohiturak berreskuratzea ekarri du, zenbait kasutan oso itxuraldatuta izan arren.

June Izagirrek (Azpeitia, 2008) eta June Rubiok (Azpeitia, 2008), esaterako, hiruzpalau urte daramatzate Gau Beltza antolatzen Loiolako Inazio hiribidean. Beste herrialde batzuetako ohiturak eredu hartuta, auzoan hainbat ekintza antolatzea pentsatu zuten bi gaztetxoek, eta urtez urte jende gehiago animatzen dela diote. "Bost pertsona-edo hasi ginen guztia antolatzen, eta gure gelako jendea eta auzokoak elkartzen ginen hasieran. Orain, auzoan bizi ez den jendea ere etortzen da ospakizunera".

Santu Guztien Egunaren bezpera baino egun batzuk lehenago, urriaren 27aren bueltan, hasten dira Izagirre, Rubio eta auzoko beste gaztetxo batzuk guztia antolatzen. Hasteko, jaia iragartzeko kartelak egiten dituzte, eta auzoko hainbat gunetan itsasten dituzte horiek jendea Gau Beltza heltzen ari dela jabetu dadin. Bi gaztetxoek gogoan dute urte batean atez ate abisua ematen ibili zirela ere: "Hasieran 21:00 aldera batzen ginen, baina ume txikiek ere parte hartu nahi izaten zuten, eta 19:30 inguruan biltzen gara orain. Ordua aldatu genuen urtean, etxez etxe joan ginen hori jakinaraztera". Egun horretan, 2 eta 12 urte arteko gaztetxoak mozorrotuta ateratzen dira kalera, eta era guztietako jantziak ikusten direla diote: "Lehen urtean zonbiz jantzita atera ginen batzuk, eta iaz, It filmeko pailazoz".

Behin denak Bilgunea deitzen dioten plazatxoan elkartuta, talde txikietan banatzen dira, eta auzoko portalen zenbakiekin zozketa egiten dute. Hala, talde bakoitza egokitzen zaion portalera joaten da gozokiak eskatzera, mozorrotuta. "Etxe batzuetan ez digute aterik irekitzen, baina normalean gozoki asko biltzen ditugu", azaldu dute Izagirrek eta Rubiok. Mapa eskuan dutela etxebizitza guztiak igaro ostean, gozoki guztiak Bilguneko plazatxoan jartzen duten manta erraldoian biltzen dituzte, eta iluntzearen amaieran litxarreriak elkarren artean banatzen dituzte. Gozokiak biltzeaz gain, etxea eta etxeko ataria ere apaintzen dituzte auzotarrek, kalabazekin nahiz bestelako apaingarriekin: "Etxe bat kalabazekin apainduta ikusten badugu, badakigu lasai joan gaitezkeela bertara txirrina jotzera", azaldu dute Izagirrek eta Rubiok.

Urteren batean Gau Beltza ospatzeko modua aldatu egin zutela dio gaztetxoetako baten amak: "Urte batean arrakasta ikaragarria izan zuen ospakizunak, jendea Azpeitiko beste lekuetatik etorri baitzen. Orduan haurrek ezin izan zuten modu berean ospatu Gau Beltza, eta kalejira moduko bat egin eta leihoetatik bota zituzten bizilagunek gozokiak". Hain zuzen ere, egoera hori saihesteko hasi ziren auzoko mapa eta zozketa egiten.

Koronabirusak eragindako oztopoen gainetik, Izagirrek eta Rubiok aurten ere badute Gau Beltza ospatzeko intentzioa, eta jaia egoera berrietara egokituko dutela diote: "Maskara jantzita atera behar badugu, aterako gara. Gainera, mozorro batzuekin oso ondo gelditzen da". Bi gaztetxoak jakitun dira Euskal Herriko garai bateko haur eta gaztetxoek ere bazutela Santu Guztien Egunaren bezperan kalabazak hustu eta jendea ikaratzen ibiltzeko usadioa, nahiz eta beraiek ohitura hori beste bide eta modu batzuetatik jaso duten. Kontuak kontu eta usadioak usadio, oraingoan ez dirudi duela hamarkada batzuk gertatu moduan beldurrezko kalabazen barruko argia hain erraz itzaliko denik.

Gau Beltzaren dokumentala, sarean

Bestalde, hona hemen Euskaltzaleen Topaguneak Gau Beltzaren inguruan egin duen dokumentala. Bertan Euskal Herriko hainbat herritarren garai bateko testigantzak entzun daitezke, baita Itzalitako kalabazak berpizten liburuko egileen eta Gau Beltza edo Arimen Gaua antolatzen duten herritarren azalpenak ere.