Alemanian homizidio bat gauzatzea egotzitako gizonezko bat atxilotu dute herriko hotel batean

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 14a, 13:49

Schengen eremuan atxilotzeko eta estraditatzeko agindua zuen gizonezkoak bere gain. Gaua Urola Kostako ertzain etxean pasatu du eta eguerdian utzi dute epailearen esku.

Bart gauen herriko hotel batean 50 urteko gizonezko bat atxilotu dute Ertzaintzaren Babeserako eta Esku Hartzeko Unitateko kideek. Alemanian homizidio bat gauzatzea egotzita, Schengen eremuan atxilotzeko eta estraditatzeko agindua zuen gizonezkoak bere gain.

Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez, epailearen aginduren bat bete gabe zuen gizonezko batek Azpeitiko hotel batean ostatu hartu zuela jakin zuten atzo iluntze aldera. Urola Kostako ertzain etxeko kideek beharrezko baieztapenak egin zituztenean, ikusi zuten ihesean zebilen gizonezko bat zela, eta bere kontra igorritako Schengen aginduaren arabera, "armatuta egon zitekeela eta indarkeria erabiltzeko joera izan zezakeela". Hori dela eta, Urola Kostako ertzain etxeko kideek arrisku handiko polizia operazioetarako prestatuta dauden Ertzaintzaren Babeserako eta Esku Hartzeko Unitateko kideei pasatu zieten abisua, eta haiek joan ziren gizonezkoaren bila. Hala, gizonezkoaren logelara sartu eta atxilotu egin zuten; atxilotzeko unean gizonezkoak ez zeraman armarik eta ez zien agenteei aurre egin.

Atxilotua Urola Kostako ertzain etxera eraman zuten, diligentziak hasteko, eta gaur eguerdian epailearen esku utzi dute.