Koronabirusa Azpeitian

Bihar 13:00etatik aurrera, Izarraitz pilotalekuan gauzatuko dituzte PCR probak

Julene Frantzesena 2020ko urr. 14a, 13:14

Osakidetzak 17 eta 40 urte bitarteko herritarrak deitu ditu baheketa selektiborako proba egitera; guztira, 4.000 inguru. Bihar eta etzi 13:00etatik 20:00etara egingo dituzte testak, eta zapatuan, goizez. Aldez aurretik eskatu behar da PCR proba egiteko hitzordua.

Atzo iragarri moduan, Osakidetza bihar, osteguna, hasiko da COVID-19a detektatzeko eta bere hedapena mugatzeko PCR baheketa selektiboa egiten herrian. Osasun Sailak 17 eta 40 urte bitarteko herritarrei egin die testa gauzatzeko deia; beraz, udalak emandako datuaren arabera, 4.000 bat azpeitiarrek dute proba egiteko aukera.

PCR probak biharko 13:00etatik aurrera gauzatuko dituzte Izarraitz pilotalekuan, eta ostiralean eta zapatuan ere egingo dituzte; hain zuzen ere, ostiralean 13:00etatik 20:00etara bitartean, eta zapatuan, 09:00etatik 14:00etara.

Aldez aurretik eskatu behar da PCR proba egiteko hitzordua, Azpeitiko anbulatorioko 943-02 54 00 telefono zenbakira edo Osasun Aholku Zerbitzuko 900-20 30 50 telefono zenbakira deituta.

Proba egiten duten herritarrek "gizarte harremanetako jarduerarik ez" egitea komenigarria dela azaldu du Osakidetzak, eta horrekin batera, maskara erabiltzearen eta distantziak mantentzearen garrantzia azpimarratu du. PCRaren emaitza 72 orduren buruan jasoko dute herritarrek, SMS bidez. Emaitza positiboa bada, gainera, telefono deia ere egingo dute. Dena den, 72 orduko epe tartea pasatuta emaitzik jasotzen ez dutenek beren osasun zentrora deitu beharko dute.

Bestalde, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak –besteak beste, sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak edo usaimenaren galera– dituzten herritarrei etxean isolatzeko eta osasun zentrora deitzeko deia egin die Osasun Sailak.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak proba egitera joateko deia egin die herritarrei: "Herritarrak kezkatuta daude egoerarekin, eta gu ere bai. Adin horretakoei proba egitera joatea eskatzen diegu; beren osasuna eta ondokoen osasuna zaintzeko gakoa baita. Birusaren hedapena eteteko ezinbestekoa da PCR proba egitea".

Erlazionatuak