Koronabirusa Azpeitian

Positibo kopuruak gora egiten jarraitzen du Azpeitian

Julene Frantzesena 2020ko urr. 14a, 13:04
Betharramen egin zituzten PCR proba masiboak abuztuan.

Atzo hamabost positibo detektatu zituen Osakidetzak. Erakunde horrek oraindik ez ditu jakinarazi bihar Azpeitian hastekoa duen baheketa selektiboaren gaineko xehetasunak. Azkoitian ere hamar positibo zenbatu dituzte, baheketa bukatu badute ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin duten herritarren %5,5ek eman dute positibo.

Atzo jakinarazi zuen Osakidetzak COVID-19a detektatzeko eta bere hedapena mugatzeko PCR bidezko baheketa selektiboa egiten hasiko dela bihar, osteguna, Azpeitian. Bien bitartean, goraka jarraitzen du positiboen kopuruak herrian; izan ere, herenegun hemezortzi kasu eta atzo hamabost atzeman dituzte. Azken zazpi egunetan, berriz, 76 kasu zenbatu dituzte. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 836,93 da Azpeitian, eta positiboen gorakadaren isla erakusten du I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoiak ere; izan ere, 1,91ra igo da.

Azkoitian bukatu dute dagoeneko baheketa selektiboa, eta orotara, herritarren %1,14k eman dute positibo PCR probetan; hau da, PCR proba egin zuten 3.069 herritarretatik 35ek. Dena den, gaur beste hamar positibo zenbatu dituzte Azkoitian, eta oraindik ere 10.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herrien artean hamalau eguneko positibo metatuen tasa altuena izaten jarraitzen du: 1025,94 da. I(D)/I(D-7) intzidentzia tasa ere altua da: 1,81.

Eskualdeko gaienrako herrietan oso positibo gutxi detektatu dituzte: Zumaian, Aian eta Errezilen bana. Beraz, horiekin eta Azpeitiko eta Azkoitiko kasuekin, atzokoan, guztira, 28 positibo detektatu zituen Osasun Sailak Urola Kostan.

Positibo kopurua behera

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.466 PCR gauzatu zituen atzo Osakidetzak, eta proba horietan 410 lagunek eman zuten positibo; proba egin zuten herritarren %5,5ek, alegia. Herenegundik jaitsi egin da ehuneko hori; izan ere, orduan PCRa egin zuten herritarren %7,7,82k ema zuten positibo. Positibo kopuru altuena Gipuzkoan atzeman zuten: 186. Bizkaian, berriz, 179 detektatu zituzten, eta 39 Araban.

Atzokoan 33 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurralde horietako ospitaleetan, herenegun baino hamazazpi gehiago. Orotara, 263 lagun daude erietxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; herenegun baino hiru gehiago. Dena den, herenegun baino bi lagun gutxiago daude ZIUn: 50.

Nafarroan, berriz, 378 positibo zenbatu zituzten atzokoan, 3.013 PCR proba gauzatuta. Horrenbestez, proba egin zuten herritarren %12,5ek eman zuen positibo. COVID-19aren hedapena geldiarazteko asmoz, lurralde horretan dagoeneko indarrean dira gobernuak ezarritako neurri murriztaileak.