Bost azpeitiar lehiatuko dira banakako Gipuzkoako xake txapelketetan

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 13a, 14:55
Eneko Alberdi. (Xaputarrak)

Cristian Cretu absolutu mailan, Eneko Alberdi, Jose Andres Perez eta Iñaki Uranga bigarren mailan, eta Aner Alonso hirugarren mailan ariko dira. Joan den asteburuan hasi ziren txapelketak, Donostian; han jokatuko dituzte aurten txapelketetako zazpi jardunaldiak.

Banakako Gipuzkoako xake txapelketak martxan dira. Aurten, koronabirusaren ondorioek ekarri duten ezohiko egoera tarteko, Donostian jokatuko dituzte maila guztietako partida guztiak, eta joan den zapatuan jokatuko zituzten lehen jardunaldiari zegozkionak. Guztira, zazpi txandak osatuko dituzte 2020ko banakako txapelketak.

Azpeitiko bost xakelari lehiatuko dira hasi berri diren txapelketetan: Cristian Cretu absolutu mailan, Eneko Alberdi, Jose Andres Perez eta Iñaki Uranga bigarren mailan, eta Aner Alonso hirugarren mailan. Hasiera "nahiko kaxkarra" izan dute azpeitiarrek, Xaputarrak taldekoen esanetan. Izan ere, lehen jardunaldian Eneko Alberdik bakarrik lortu zuen garaipena; Iñaki Urangak berdinketa sinatu zuen bere lehian, eta gainerako hiru ordezkariek galdu egin zituzten jokatutako neurketak.