Koronabirusa Azpeitian

42 positibo hauteman ditu Osakidetzak Azpeitian azken lau egunetan

Andoni Elduaien 2020ko urr. 13a, 14:01

Birusaren intzidentzia tasak goranzko bidean jarraitzen du herrian: 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 763,87koa. 10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean bigarren tasa handiena duena da Azpeitia, Azkoitiaren atzetik.

SARS-CoV-2 birusaren hedapenak goranzko bidean jarraitzen du Azpeitian, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren azken txostenaren argitara.  Osakidetzak gaur eman ditu urriaren 9tik 12ra arteko herriz herriko datuak, eta Azpeitian 42 positibo zenbatu dituzte aurreko lau egun horietan: ostiralean hiru, zapatuan hamahiru, igandean zortzi eta atzo hemezortzi. 10.221 PCR proba egin zituzten denera ostiralean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 9.939 zapatuan, 6.870 igandean eta 6.763 atzo.

Asteburu luzeko datuak zenbatu ondoren, nabarmen egin du gora Azpeitian 100.000 biztanleko hamalau eguneko positiboen tasak: joan den ostegunean 524,74koa zen tasa hori, eta orain 763,87koa da. Hain zuzen ere, 10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean bigarren tasa handiena duena da Azpeitia, Azkoitiaren atzetik (984,24). Positiboen gorakadaren isla erakusten du I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoiak ere: 1,89raino igo da.

Urola Kosta eskualdean guztira 122 kasu positibo atzeman ditu Osasun Sailak aurreko lau egunetan. Kasu horietatik ia guztiak Azkoitian eta Azpeitian hautemandakoak izan dira. Azpeitiko 42ez gain, Azkoitian 49 kasu positibo detektatu dituzte, hamalau Zarautzen, sei Zumaian, launa Errezilen eta Orion, bi Zestoan eta bat Getarian. Gainerako herrietan ez dute kasurik zenbatu ostiraletik.

Hego Euskal Herriko egoera

Atzo, astelehena, 6.763 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Proba horietan, 529 kasu positibo hauteman zituen, hau da, proba egin zutenen %7,82k eman du positibo. Kasu gehien Bizkaian zenbatu dituzte, 255 guztira. Gipuzkoan, bestalde, 224 kasu detektatu dituzte, eta 44 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste sei lagunek ere eman dute positibo, ordea.

Hiru lurralde horietako erietxeetan 260 lagun daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz; atzo ospitaleratu zituzten beste hamasei pertsona. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), gainera, 52 pertsona daude, Osasun Sailaren arabera "COVID-19ak eraginda". Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, azkenik, 1,29koa da. Urrian apurka-apurka gora egiten ari da indizea.

Nafarroako datuak ez ditu jakinarazi oraindik Nafarroako Osasun Institutuak.