Ostegunean itxiko dute etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 13a, 13:50
Alde zaharreko etxebizitzak. (Maialen Etxaniz)

70 urtetik gorakoek, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatutako herritarrek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko dirulaguntzak. Laguntzen zenbatekoa, eskatzaileen diru-sarreren araberakoa izango da. 

2020ko alokairurako dirulaguntza eskaerak egiteko epea urriaren 15ean, ostegunean, itxiko du Azpeitiko Udalak. Joan zen apirilean ireki zuen udalak alokairurako dirulaguntzen aurtengo deialdia, pandemiak eragindako ondorioak leuntzeko beste hainbat laguntzekin batera, eta etzi itxiko dute eskaerak egiteko epea. 

18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatuta edo dibortziatuta dauden herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko laguntzak. 

Udalak aurten 100.000 euro bideratuko ditu alokairua ordaintzeko diru laguntzetara, iaz baino 80.000 euro gutxiago. Eskatzaileei emango dieten laguntzaren zenbatekoa eskaera egin duen pertsonaren diru sarreren araberakoa izango da. Honako irizpide hauek jarraituko ditu udalak eskaera egin dutenei dirulaguntzak banatzerakoan: 

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio

Dirulaguntzak eskatzen dituztenen alokairuaren errentak hilero 550 euro baino gutxiagokoa izan behar du. Hori horrela, honako hauek dira udalak eskainiko dituen laguntzak:

  • Alokairua ordaintzeko, gehienez, 250 euro hilean.
  • Alde Zaharrean alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute hilero. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatzen dutenek, gehienez, 300 euroko languntza izango dute.

Dirulaguntza eskatzen duten herritarrek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute udaletxean ostirala baino lehen:

  • Eskabide-orria, behar bezala beteta eta sinatuta.
  • Laguntza eskatzen duen pertsona bakoitzaren NANaren edo egoitza txartelaren kopia. Adin txikikorik balego, Familia Liburuaren kopia ere aurkeztu beharko da. Azken agiri hori kasu guztietan aurkeztu beharko da senidetasuna egiaztatzeko, baldin eta ondorengotza alegatu bada.
  • Etxebizitzaren alokairu kontratuaren kopia, indarrean dagoena eta diruz lagundu daitekeen epearen barnekoa.
  • Estatu mailan etxebizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria, laguntza eskatzen duten 18 urtetik gorako kide guztiena, jabetza erregistroak igorria, laguntza eskaera eman baino gehienez 15 egun lehenagokoa.