Zinegoak jaialdiaren barruan, LGBTIQ+ gaien inguruko film laburrak izango dira ikusgai bihar Soreasun

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 13a, 10:48

Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko lelopean antolatu dute aurtengo Zinegoak film laburren jaialdia. Guztira, zazpi ikus-entzunezko eskainiko dituzte bihar Soreasun, 21:00etan hasita. Emanaldira joan nahi dutenek lekua hartu beharko dute aurrez, kulturaz.eus webgunean. 

Zinegoak film laburren jaialdia bihar, asteazkena, iritsiko da Azpeitira. Aurtengo ediziorako aukeratu dituzten zazpi ikus-entzunezko eskainiko dituzte Soreasu antzokian, 21:00etan hasita. Bertaratu nahi dutenek lekua hartu beharko dute aurrez, kulturaz.eus webgunean. 

Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko leloa aukeratu dute aurtengo ediziorako, eta LGBTIQ+ gaien inguruko ikus-entzunezkoek osatu dute eskaintza. "Sexu-orientazioaz harago, jaialdiak lehenengo planoan egon ohi ez diren sexu-aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi izan dio, genero identitate eta adierazpena kasu. Gizarteak sexu-aniztasuna naturaltasunez bizitzen ez duen bitartean, beti egongo da arriskua bazterketa, estigmatizazioa edo ikusezintasuna pairatzeko”, azaldu dute egitasmoaren sustatzaileek. 

Film labur guztiak jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin. 

Hona hemen bihar Soreasun eskainiko dituzten film laburren inguruko zenbait xehetasun: 

Mi pequeño gran samurai | Zuzendaria: Arantza Ibarra

Dokumental labur honetan, Ekai Lersundi trans gaztearen istorioa kontatzen da. Ekaik bere buruaz beste egin zuen 2018an, burokraziarekin borrokatzen zuen bitartean hormonak ordezkatzeko terapia eman ziezaioten. 

Jess | Zuzendaria: Agnes Koleman

Jess gizon trans bat da, Costa Ricako lehen migratzailea bere genero-identitate autoizendatua bere nortasun-agirian agertzea lortu duena. Hala eta guztiz ere, Jessen borroka harago doa: intersekzionalitate desberdinak bizi dituzten pertsonen existitzeko eskubidea aldarrikatzen du.

Rani | Zuzendaria: Hammad Rizvi

Rani baztertutako emakume transgenero bat da. Orain, haur jaioberri abandonatu bat zaindu behar du. Karatxiren bihotzean (Pakistan), Ranik erronka handiei egin beharko die aurre, baina garbi dauka zuzen jokatuko duela.

Cocodrilo | Zuzendaria: Jorge Yúdice

Espainia | 2019 | 4’ | Fik | J.B. gaztelaniaz Alicia, arratsaldero legez, te bat prestatu eta YouTubeko bere kanal kutuna ikusten ari da: VictorGaming, akziozko rol-bideojokoen kanal bat. Víctor youtuberrak zuzenean jardungo du gaur, eta haren jarraitzaileek aukera izango dute galderak egiteko. Aliciak gauza oso garrantzitsu bat dauka esateko.

Adlib | Zuzendariak: Leire Acha, Sara Nikte Berrozpe, Eurie Cierbide, Beñat Etxaburu, Arantzazu Martínez, Cristina Vaquero, Irene Velasco

Animaziozko ikus-entzunezko honetan, elkarrizketa gabe fantzaren eta musikaren bitartez, bi pertsonek beren arteko maitasuna aurkituko dute, maitasun hori oztopatu nahi duen mundu baten aurrean.

XY | Zuzendaria: Anna Karin Larusdottir

Lisak 15 urte ditu, eta beti sentitu da bere buruarengandik eta adiskideengandik desberdin eta deskonektatuta. Baina batbatean aurkikuntza handi bat egingo du bere gorputzaz eta historia medikoaz.

La mariachi | Zuzendaria: Adan Ruiz

Nancy espetxeratu egin zuten pertsona-trafikatzaile bat zelakoan, AEBko muga pasatzeko ahaleginetan ari zela. Orain, Mexikon bizi da bere emazte Teorekin, eta seme bat daukate. Egunero, Garibaldira joaten da, munduko mariatxi-musikaren gune garrantzitsuenera, eta, han, kantatzen aritzen da familia mantentzeko.