Erretratua

Loli Oteiza: "Hainbat herrialde zeharkatu ditugu organoen harira"

Elena Marguello 2020ko aza. 9a, 16:33
Loli Oteizaren erretratua. (Olatz Alkorta)

35 urterekin hasi zen Loli Oteiza (Azpeitia, 1942) organoa jotzen, eta ordutik han eta hemen aritu da kontzertuak eskaintzen. Musika tresnaren inguruan egin duen ibilbideaz hitz egin du azpeitiarrak 2020ko urriko Uztarria aldizkariaren Erretratua atalean.

35 urterekin hasi zen Loli Oteiza organoko ikasketak egiten. "Instrumentua asko gustatzen zitzaidan, baina garai hartan ez zegoen organoa jotzen zuen emakumerik Azpeitian", azaldu du. Oteiza gaztea zela, emakumeek korura ezin izaten zuten igo, baina, azkenean, "indarrak batu" eta erabakia hartu zuen azpeitiarrak: Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan egin zituen organoko ikasketak Esteban Elizondo katedradunarekin.

Organoarekin maila handiko piezak jotzea "zaila" da azpeitiarraren hitzetan: "Eskuak eta hankak erabiliz jotzen den instrumentua da organoa, eta horrek koordinazio handia eskatzen du". Oteizaren ustez, horrek "bereizten" du organoa gainerako instrumentuetatik, eta nahiz eta edozein musika tresna jotzeak "entsegu ordu asko eta dedikazio jarraitua" eskatzen duen, organoa jotzeak "lasaitu" egiten duela eta "asebetetze pertsonala" sortzen diola sentitzen du musikariak.

Organoa jotzen ikasten hasi zenean, garai "zailak" bizi izan zituela dio Oteizak. Izan ere, "benetako organoak, hodiak dituztenak", elizetan eta kontzertu aretoetan egon ohi dira, eta horrek ikasketa prozesua "konplexu" bihurtzen duela ziurtatu du. Hasieran, instrumentua jotzeko lekurik ez zuela gogoratzen du azpeitiarrak. "Aurrerago, baimena eman zidaten Loiolako basilikan organoa jotzen ikasteko, eta benetan eskertzen diet keinu hori egin izana". Urte batzuk geroago, Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako giltza ere eman ziotela kontatu du, eta bertan ere aritu izan dela organoa ikasten. Orain dela urte batzuk, berriz, organo elektriko bat erosi zuen Oteizak, "etxean praktikatu ahal izateko", eta horrek gauzak "asko errazten" dizkiola azaldu du.

Bi abesbatzari organoarekin laguntzen die Oteizak, eta noizean behin berak bakarrik ere jotzen du instrumentua publikoaren aurrean. Hala ere, garai batean baino "askoz gutxiago" jotzen duela baieztatu du: "Gutxi entseatzen dut. Egun batzuetan batere ez; besteetan, berriz, ordu erditxo batez edo ordubetez aritzen naiz, asko jota". Denboran atzera eginda, oraingo bikoitza entseatzen zuela gogoratzen du Oteizak. "Azterketa edo kontzerturen bat izanez gero, organoa jotzeko denbora ateratzen nuen, gainerako gauza guztiak alde batera utzita".

Konpositore "bikain" asko daude Oteizarentzat, baina bakarra aukeratu beharko balu, J. S. Bach hautatuko luke; haren Corales eta Preludios y Fugas ditu gogoko organo-jotzaileak. "Maisuetan maisuena da Bach, emozioz eta bakez betetzen nau". Hala ere, eta nahiz eta uste duen ezin dela esan konpositore zehatz baten lanak direla jotzeko zailenak, "zailenetako batzuk" Bachen piezak iruditzen zaizkio.

Organoari lotuta bizipen "asko" izan dituela adierazi du Oteizak. Horietatik "atseginenak" iruditzen zaizkio abesbatzei lagunduz bizitako esperientziak eta organo-kideekin hilero egiten dituen talde saioetako uneak. Gainera, organo emanaldiak ikusteko nahiz instrumentua jotzeko asko bidaiatu du azpeitiarrak, eta irteera horiek "oso aberasgarriak" izan direla sentitzen du: "Euskal Autonomia Erkidego guztia, penintsula osoa eta Europako hainbat herrialde zeharkatu ditugu organoaren harira". 40 urte baino gehiago daramatzate bidaia horiek egiten hara eta hona, eta "mota guztietako" organo-jotzaileak, konpositoreak eta organoak ezagutu dituzte.

Oteizaren hitzetan, organoa "berez" ez da instrumentu "popularra", eta "seriotzat" hartzen dute gehienek. Hala ere, instrumentu hori "jende dezenteri" interesatzen zaiola dio. "Askotariko publikoa du organoak, baina, orokorrean, pertsona helduak joan ohi dira instrumentu hori entzutera". Hala ere, gazteen arteko "sektore zehatz bat" organoak "erakarrita" sentitzen dela uste du musikariak: "Orokorrean, gazteek elizara joateari utzi diote, eta, beraz, ez dute ia organorik entzuten".

Musikariaren hitzetan, "ez dago garbi" organoaren etorkizuna zer-nolakoa izango den. Alde batetik, eliza batzuk ixten eta gune horietako organoen funtzioa galtzen ari direla dio, "nahiz eta organo ugari mugimendu gehiago duten elizetara lekualdatzen ari diren". Bestetik, kontzertuak
antolatzen direnean, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, adibidez, elizak jendez goraino betetzen direla azaldu du. "Lekuaren arabera", aldea nabarmena dela uste du Oteizak.

Organoaren bueltan daramatzan urte hauetan guztietan anekdota "asko" bildu ditu Oteizak, baina kontatzeko "kuttunena" Bartzelonako katedralean eskaini zuen kontzertukoa du: "Nire irakaslea zen Montserrat Torrentekin ari nintzen kontzertua prestatzen katedralean. Bat-batean, arratsalde horretan bertan kontzertua eskaini behar zuen orkestra etorri zen entseatzera, eta nik entsegua gelditu behar izan nuen. Organoa itzalita jarraitu nuen; soinurik gabe entseatu nuen, alegia".

Anekdotak anekdota, eta organoaren inguruan orduak eta orduak pasatu eta gero, publiko aurrean emango dituen kontzertuak amaierara iristen ari direla sentitzen du Oteizak: "Urduri jartzen naiz, eta horrek sufriarazi ere egiten dit".