Voodoo Charms eta Indian Feathers taldeen kontzertuak izango dira bihar Sanagustin kulturgunean

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 15a, 08:00
Voodoo Charms taldeko kideak.

Katapulta Tour Gipuzkoa 2020 zirkuituaren barruko kontzertuak 19:00etan hasiko dira. Sarrera doakoa izango da, baina komenigarria da aurretik erreserbatzea, edukiera mugatuta egongo delako.

Katapulta Tour Gipuzkoa 2020 zirkuituaren barruan, kontzertu bana eskainiko dute Voodoo Charms eta Indian Feathers taldeek bihar, ostirala. 19:00etan hasiko dira emanaldiak, Sanagustin kulturgunean, eta sarrera doakoa izango den arren, komenigarria da aurrez erreserbatzea, edukiera muga dela eta.

Voodoo Charms taldea Donostiako eta Hondarribiko bost musikarik osatzen dute: Karmen Savage (ahotsa), Jorge Carrere (gitarra eta ahotsa), Alex Haro (saxo tenorra), Rafa Ardanuy (kontrabaxua) eta Carlos Malles (bateria). Aurten, aurkezpen ofiziala egin eta berehala, Katapulta Tour Gipuzkoa 2020rako aukeratu zuten taldea, eta handik hiru hilabetera taldearen izen bereko diskoa kaleratu dute. Taldeak zer musika estilo egiten duen zehaztea zaila den arren, blues, rock, jazz eta rockabilly estiloetatik badu egiten duenak.

Indian Feathers taldeak, berriz, ibilbide luzeagoa du. Alvaro Gines (bateria), Luis Suarez (ahotsa eta gitarra), Josu Gonzalez (gitarra) eta Josu Bergara (baxua) muskariek unbertsitatean ezagutu zuten elkar, 2014an, eta ordutik, hamaika kontzertu jotzeaz gain, hiru lan ere kaleratu dituzte; azkena, Lineas tangentes. Etiketei dagokienez, indie punk gisa definitzen du bere burua taldeak, baina gogokoen rocka dute, aldaera askotan.