'Nola indartu inmunitate sistema modu naturalean?' eta 'Txerto emozionala' hitzaldiak antolatu dituzte datozen egunetarako

Gaizka Sanchez naturopatak asteazkenean eskainiko du Nola indartu inmunitate sistema modu naturalean? hitzaldia, 19:00etan hasita, Azoka Plazaren gaineko aretoan. Ostiralean izango da Txerto emozionala solasaldia, leku eta ordu berean. Nerea Mendizabal komunikazio ez bortitzeko hezitzailea eta psikopedagogoa arituko da hizlari lanetan. 

Asier Arregi geobiologoaren hitzaldiaren ondotik, beste bi solasaldi antolatu ditu herritar talde batek datozen egunetarako. Asteazkenean Gaizka Sanchez naturopatak Nola indartu inmunitate sistema modu naturalean? izenburupean eskainiko du hitzaldia, 19:00etan hasita, Azoka Plazaren gaineko aretoan. Solasaldia doan izango da, eta gaian interesa duen edonor bertara daiteke. 

Ostiralerako, aldiz, Txerto emozionala izeneko solasaldia antolatu dute, eta Nerea Mendizabalek eskainiko du. Mendizabal komunikazio ez bortitzeko hezitzailea eta psikopedagogoa da, eta solasaldian zehar arlo emozionalari lotutako hainbat gai izango ditu hizpide. Antolatzaileek aurreratu dutenez, "komunikazio ez bortitzaren ikuspegitik harremanen, emozioen eta gatazken konponketen inguruko hainbat gako eskainiko ditu Mendizabalek, beldurraren pandemian konfiantza, poza, itxaropena eta maitasuna kutsatzeko".  Halaber, osasun emozionalak pertsonen sistema inmunologikoan "eragin zuzena" duela diote: "COVID-19ak gure bizimodua baldintzatu eta kolokan jarri du. Azken hilabeteetan aurrez imajinatu ere egingo ez genituzkeenak bizitzen ari gara, eta horrek guztiak, batez ere, emozio eztanda eragin du gure barruan nahiz gure inguruan: beldurra, tristura, amorrua, ezjakintasuna, ziurgabetasuna... Bizitza erdigunean jarri nahi dugun honetan, zaintzak duen garrantziaz ohartu gara. Baina zaintza, gure baitatik hasten da, gure burua zaintzen ez badugu nekez zainduko baitugu inor. Gure barrura begiratzeko garaia da, beraz. Badakigu emozionalki ez gaudenean ongi blokatuta ditugula garuna, memoria, arrazonamendua, ulermena eta ikaste-irakaste prozesuak eusten dituzten gainerako estrukturak. Biziraupenerako fokua beste lehentasun batzuetan ipinita dago. Jakina da, gainera, osasun emozionalak zuzeneko eragina duela osasun orokorrean eta gure sistema inmunologikoan. Gure osasuna modu integralean zaintzea dagokigu gaur egungo garaiotan". 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide