Behi Suharraren IV. Egunaren lehen apurrak utzi duena, bideoan

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 11a, 21:25

Goizean zein arratsaldean Behi Suharraren IV. Eguna ospatu dute gaur Azpeitiko zezen plazan, Euskal Zezenzaleen Elkarteak antolatuta. Ganaduzaleei laguntzeko helburuarekin, eta euria goian behean ari zela, eguerdian ekin diote gaurko antolatutako ekintzei. Euskal Herriko IV. Uztai Txapelketak ireki du egitaraua. Ander Lizarraldek eta Joanes Balentziaga azkoitiarrak jantzi dute txapela. Eguerdiko irudiekin, Balentziagaren, June Urainen eta Xabier Iturralderen adierazpenekin osatu du Erlo Telebistak honako bideo hau. 

20 errekortarik parte hartu dute goizeko sariketan, eta hamar ganadutegik jarri dituzte zezenak. Zezen horiekin aritu dira  txapelketan parte hartu duten errekortari bikoteak. Estu egon da lehia, parte hartu duten bikote gehienek uztai bat sartzea lortu baitute. Berdinketaren aurrean, epaimahaiak beste irizpide baten arabera aukeratu ditu txapeldunak. Hain zuzen, uztaia azkarren sartu duen bikotea izendatu dute irabazle, eta, horrenbestez, Joanes Balentziaga azkoitiarrak eta Ander Lizarralde billabonatarrak jantzi dute txapela. Uztai Txapelketako irabazleak ez ezik, proba horretan erabaki dute zein izan den behirik suharrena; hau da, ausartena edo errekortariei zailtasun gehien jarri dizkiena. Bergarako Zezenak ganadutegiko Begibeltz izan da behirik onena, Balentziagarekin eta Lizarralderekin aritu den behia, hain zuzen. Gaurko jaialdiak izan duen harrera ikusita, pozik agertu da Balentziaga. Dena den, antolatzaileek nahiz errekortariek "pena pixka bat" ere badutela azaldu du, eserleku kopuruaren murrizketa tarteko jende ugari gelditu baita sarrerarik gabe. Era berean, gaurko txapelketan zehar errekortariek maila handia erakutsi dutela azpimarratu du.

Uztai txapelketan parte hartu duten errekortariek beren lanak amaitzean, June Urain azpeitiarraren txanda izan da. Gazteak errekorte erakustaldia eskaini du, eta zezen plazaren egoerak asko lagundu ez dion arren, primeran aritu da. Ikusleek ere gogoz txalotu dute Urainen lana eta balentria. Hark adierazi duenez, "sustoak susto, oso esperientzia polita izan da gaurkoa". Hori dela eta, ikuskizunean parte hartu izanaz ez dela damutzen esan du, eta zezen zaletasuna duten emakumeei dei egin die probatzera anima daitezen "Hasieran zalantzak izan nituen, baina beti norbaitek eman behar izaten du lehen pausoa. Ea laster emakume gehiago ikusteko aukera izaten dugun".

Urain izan da jaialdian parte hartu duen emakume bakarra, baina ez eguerdiko saioan zezen plazan aritu den azpeitiar bakarra. Uztai txapelketan parte hartu dute Urko Arrietak eta Eneko Martijak -bikote gisa- eta Xabier Iturraldek. Ander Carpinterok, aldiz, errekorte erakustaldia eskaini du. Lan txukuna egin dute denek. Iturralde Euskal Zezenzaleen Elkarteko kidea da, eta antolaketa lanetan aritu da. Pozik agertu da egindako lanarekin nahiz egunaren lehen apurrak eman duenarekin. Era berean, azpimarratu du gaur egun Euskal Herriko ganaduzaleen egoera zaila dela ikusita, haiei laguntzeko antolatu dutela gaurko jaialdia.