Ludoteketan eta Gaztelekuan izena emateko epea zabaldu du udalak

Julene Frantzesena 2020ko urr. 11a, 09:36
Iturri Txiki ludotekaren ataria.

Koronabirusaren pandemiak eraginda, funtzionamendu irizpideak aldatu dituzte gune horietan. Ikasturtean zehar ludoteketara edo Gaztelekura joan nahi duten gaztetxoek eta nerabeek izena eman beharko dute datozen egunetan.

Hasi berri den ikasturtean herriko bi ludoteketara zein Gaztelekura joan ahal izateko izen-emate epea zabaldu du udalak. Koronabirusaren pandemiak eraginda, baina, leku horietako funtzionamendu irizpideak aldatu egin behar izan ditu erakundeak; besteak beste, protokolo edo egokitzapen plana osatu du. Besteak beste, adinaren arabera txandak osatu dituzte.

2020-2021 ikasturtean, Txiki-Txoko edo Iturri Txiki ludoteketara nahiz Gaztelekura joan ahal izateko derrigorrezkoa izango da izena emanda egotea. Ludoteketara joan nahi duten gaztetxoek urriaren 16a baino lehen gauzatu beharko dute inskripzioa. Horien urteko kuota hamabi eurokoa izango da, eta izen-emate fitxarekin batera aurkeztu beharko da ordainagiria. Gaztelekuko izen-ematea, berriz, doakoa izango da, eta horretarako azken eguna urriaren 30a izango da. Udalaren webgunean eskura daitezke izen-emate orriak eta ordainketa gauzatzeko datuak.

Izen-ematea online egitea gomendatu du udalak, fitxa eta ordainagiria –ludoteketako kasuan– gazteria@azpeitia.eus helbidera bidalita. Dena den, aurrez aurre ere egin ahal izango da, aurretik hitzordua hartuta. Udalak azaldu duenez, gainera, izen-ematea zabalik den bitartean guneak ezagutzeko ate irekien aukera izango dute erabiltzaile berriek, goizez nahiz arratsaldez. Informazioa eskuratu nahi duenak 943-15 71 61 edo 943-15 71 60 telefonora deitu dezake.