Aurten ez da Kros Mistorik izango

Iazko Kros Mistoko irudi bat.

COVID-19ak sortu duen egoera dela-eta utzi dute proba bertan behera. Krosa ohiko datetan, behintzat, ez dutela egingo jakinarazi dute sustatzaileek. Iaz goitik behera aldatu zuten krosa; Herri Hezitzailearen filosofiarekin bat eginik prestatu zuten egitasmoa.

COVID-19ak sortu duen egoera dela eta, Kros Mistoaren antolatzaileek bertan behera utzi dute proba. Krosa ohiko datetan –urrian edo azaroan izan ohi da–, behintzat, ez dutela egingo argitu dute horiek: "Egoerak ahalbidetzen duenean itzuliko da, Azpeitia herri hezitzaile moduan eraldatzen joan dadin bere aletxoa ipiniz".

Aurten krosaren hamaikagarren edizioa ziren egitekoak, iaz hartutako bideari jarraituz. Izan ere, hausnarketa prozesu bat gauzatu ostean, proban aldaketak egin zituzten antolatzaileek. Herri Hezitzailearen filosofiarekin bat egin eta krosa balioen hezkuntzarako tresna bilakatu zuten: herriko hainbat eragilek –herriko ikastetxeak, Azpeitia Herri Hezitzailea, Atzegi, Xeye, Raka, Marea Urdina eta Azpeitiko Udala– luzera begirako aldaketa prozesuari ekin zioten.

Kros Mistoaren oinarriak goitik behera aldatu zituzten iazkoan, eta 150 bikotek baino gehiagok parte hartu zuten proban. Besteak beste, kronometroa eta inskripzioa kendu zituzten eta edozein bikotek parte hartu ahal izan zuten aniztasunaren Kros Mistoan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide