Asteartetik aurrera hasiko da Osakidetza gripearen aurkako txertoaren kanpainarekin

Julene Frantzesena 2020ko urr. 11a, 08:56
Emakume bat txertoa hartzen. (EITB)

Osasun zentroetako langileek telefonoz deituko diete 65 urtetik gora dituzten, patologia kronikoren bat duten edo haurdun dauden herritarrei. Arrisku taldeetakoak ez diren pertsonek, berriz, hirugarren fasean jasoko dute txertoa. Horiek beren osasun zentrora deitu beharko dute hitzordua eskatzeko.

Osakidetzak datorren asteartean, urriak 13, jarriko du martxan gripearen aurkako txertaketa kanpaina. Izango da, baina, berritasunik aurtengoan: hain zuzen ere, arrisku taldeetako pertsonek ez dute osasun zentrora deitu beharko hitzordua eskatzeko. Osasun zentroetako langileek telefonoz deituko diete arrisku talde horietako pertsonei, hala nola 65 urtetik gorakoei, patologia kronikoren bat dutenei edo haurdun daudenei.

Koronabirusa tarteko hainbat fasetan gauzatuko du kanpaina Osasun Sailak, eta txertoa hartzen aurrenak hala nahi duten adineko egoitzetako egoiliarrak nahiz osasun eta gizarte langileak izan dira. Urriaren 5az geroztik ari dira horiek txertoa hartzen. Asteartetik aurrera arrisku taldeetako pertsonei hitzorduak emateari ekingo dio Osakidetzak, eta horiek izango dira bigarren fasea osatuko dutenak.

Arrisku taldeetakoak ez diren pertsonek, berriz, hirugarren fasean jasoko dute txertoa. Horiek hitzordua eskatu beharko dute beren osasun zentroetara deituta, eta urriaren 31etik aurrera hasiko dira horiek txertatzen.

Tokiak

Osakidetzak 300 bat leku aurreikusi ditu txertoa jartzeko; leku horien herena Osakidetzaren saretik kanpo dago. Esaterako, Azpeitian gripearen aurkako txertoa emateko tokia Betharrametako erakusketa aretoan egokituko dute. Urrestillan, berriz, bertako osasun zentroan emango dute.