Juan Joxe Agirreren oroimenezko argazki lehiaketa jarri dute martxan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 9a, 15:22
'Zuhaitza' da lehiaketarako aukeratu duten gaia.

Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean antolatu dute joan zen abuztuaren 23an hil zen Agirre oroitzeko. Udazkeneko eta Mendiko Argazki Rallya ordezkatuko du. Zuhaitza da lehiaketarako ezarri duten gaia, eta azaroaren 15a izango da irudiak bidaltzeko azken eguna.

Joan zen abuztuaren 23an hil zen Juan Joxe Agirreren oroimenezko argazki lehiaketa antolatu dute Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean. Udazkeneko eta Mendiko Argazki Rallya ordezkatuko du lehiaketa horrek aurtengoan, eta zuhaitza –basoa, adarrak, sustraiak, xehetasunak...– izan da aukeratu duten gaia. Agirre "naturazalea, eta bereziki, zuhaitzen inguruko guztiaren maitalea eta defendatzaile zintzoa" zela gogorarazi du Argazki Elkarteak, eta horrexegatik hautatu dute gai hori lehiaketarako.

Argazkigintzako profesionalek nahiz argazkizaleek parte har dezakete lehian, eta horietako bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu azaroaren 15a baino lehen. Irudiak jpg formatu digitalean aurkeztu beharko dituzte, 72ko erresoluzioarekin eta alde handienean 1.500 pixelekin. Argazkiak e-posta bidez bidali beharko dira argazkiakaae@gmail.com helbidera, parte-hartzailearen izen-abizenak nahiz telefono zenbakia zehaztuta.

Lehiaketako izendatutako epaimahaiak erabakiko du zein diren argazki saridunak, eta horien berri beren webguneetan emango dute Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak. Dena den, ez dute datarik zehaztu. Orotara, lau sari banatuko dituzte: argazki onenarena –180 euro eta garaikurra–, bigarren argazki onenarena –150 euro eta diploma–, hirugarren argazki onenarena –120 euro eta diploma– eta herriko argazkilariek egindako irudi onenarena –ehun euro eta diploma–. Argazkien egileek ezingo dute sari bat baino gehiago eskuratu. Bestalde, saritutako argazkiak antolatzaileen jabetzakoak izango dira, eta horiek irudiok argitaratzeko, zabaltzeko edo erabiltzeko eskubidea izango dute, egilearen izena adierazita eta irabazi asmorik gabe.