Neska* Gazteen Txokoa irekitzear da

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 9a, 11:30
Azpeitiko Emakumeen Txokoan ikasleen Autoantolaketa taldeetakoak. (Azpeitiko Emakumeen Txokoa)

Autoantolaketako ikasleekin lanean jarraitzeko espazioak eta aukerak sortzea du helburu txoko berriak. DBH 3. mailatik 18 urtera arteko neskei zuzendutako egitasmoak urriaren 16an du lehen hitzordua.

Betaurreko moreak jantzita neska gazteekin lan egiteak duen garrantziaz jabetuta, egitasmo berri bat jarriko dute martxan Azpeitian: Neska* Gazteen Txokoa. Duela sei urte ireki zuten Azpeitiko Emakumeen Txokoa, eta orduz geroztik adin guztietako emakume ugari pasatu dira bertatik. Aurrerantzean, neska gazteek ere han izango dute beren lekua.

Egitasmo berri honen helburua da Azpeitiko hezkidetza programaren barruan garatzen diren Autoantolaketako ikasleekin lanean jarraitzeko espazioak eta aukerak sortzea. Ione de la Cruz (Azkoitia, 1993) Emakumeen Txokoko dinamizatzailea da, eta hark kontatu ditu egitasmo berriaren inguruko xehetasunak.

Neska* Gazteen Txokoa sortzearen ideia duela bi-hiru urte egindako hausnarketa baten ondorioa izan dela azaldu du Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak: “Orain dela hiru urte herrietan identifikatuta genituen emakume zaurgarrien kolektiboen inguruan hausnartzen hasi ginen Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sarean parte hartzen dugun bost herrietako emakumeok. Identifikazio lan horren barruan, gure herrira begira, konturatu ginen neska gazteak bazirela zaindu behar genituen kolektibo bat; bazuela garrantzia haiekin lanean jarraitzeak. Ohartu ginen Autoantolaketa taldeetan ibilitako neskekin harremana mantentzea garrantzitsua zela. Behar horri erantzuteko, azken bi urteetan Autoantolaketa taldeetako neska beteranoekin aritu gara lanean, baina horri ere mugak ikusten genizkion. Hori dela eta, Neska* Gazteen Txokoa sortzea ideia egokia izan zitekeela pentsatu genuen”.

Neska* Gazteen Txokoa DBH3. mailakoetatik hasi eta 18 urte bitarteko Azpeitiko neska gazte guztiei zuzenduta egongo da. Emakumeen Txokoko dinamizatzailea eta Neska* Gazteen Txokoko dinamizatzailea arduratuko dira egitasmoari “forma” emateaz, baina izango dituzte bidaideak. “Nahiz eta gu ari garen egitasmoa diseinatzen, harremanetan gaude hezkidetza proiektuetako hezitzaileekin eta Harremanitzeko nahiz Gaztelekuko arduradunekin. Izan ere, guretzat oso garrantzitsua da eragile horiekin lan egitea. Gazteria Sailetik ere ari dira egitasmoari zabalpena ematen”. 

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.