Koronabirusa Azpeitian

Positiboen kopuruak goranzko bidean jarraitzen du Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 8a, 15:24

Atzo beste hamabi zenbatu zituen Osakidetzak herrian. 100.000 biztanleko hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa jakinarazten hasi da Osakidetza gaurko txostenarekin, eta Azpeitian 500dik gorakoa da tasa hori. Urola Kostan bikoiztu egin da positibo kppurua herenegundik atzora, Azkoitiko datuen gorakada tarteko.

Azpeitian beste hamabi positibo zenbatu zituen atzo Osakidetzak. Goranzko bidean jarraitzen dute azken egunetan positiboek herrian: 57 atzeman dituzte azken zazpi egunetan. 100.000 biztanleko hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa jakinarazten hasi da Osakidetza gaurko txostenarekin -zazpi eguneko datua eman izan du orain arte-, eta Azpeitian 511,46an dago tasa hori; Azkoitiak, esaterako, 700,64ko tasa du uneotan.

Urola Kostan bikoiztu egin dira herenegundik atzora koronabirusarekin positibo emandakoak, Guztira 41 kasu zenbatu dituzte, baina kasuen erdiak, 23, Azkoitian hautemandakoak dira; asintomatikoak atzemateko PCR bidezko baheketa selektiboa egiten ari da Osakidetza Azkoitian egunotan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan birusaren intzidentzia tasa altuena duen udalerria delako. Azkoitiko 23 positiboen ondoren datoz Osasun Sailaren gaurko txostenean Azpeitiko hamabiak; horiez gain, bi positibo agertu dira  Zumaian, eta bana Errezilen, Getarian, Orion eta Zestoan. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk baieztatu.

Hego Euskal Herrian ere, gora

Hego Euskal Herrian 854 kasu positibo atzeman zituzten atzo. 10.314 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 454 kasu positibo baieztatu zituen, hau da %4,4. Bizkaian eta Gipuzkoan antzeko datuak jaso dituzte, izan ere Bizkaian 195 kasu zenbatu dituzte eta 192 Gipuzkoan. Araban, aldiz, 58 pertsonari detektatu diote positiboa. Horiez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi laguni atzeman diote positiboa.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeen egoeraren berri ere eman du Osasun Sailak. 238 pertsona daude hiru lurralde horietan ospitaleratuta; atzo, 29 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten. Egun, 48 lagun daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 1,01ekoa da. 

Nafarroan, 400 kasu positibo hauteman ditu Nafarroako Osasun Institutuak. 3.236 PCR proba egin zituzten atzo Nafarroan, eta ondorioz, proba egin zutenen %12,4ak eman du positibo. Ospitaleei dagokionez, 251 pertsona daude Nafarroako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn. Lau heriotza gehiagoren berri ere eman du Nafarroako Gobernuak.