Herri Eskolak antolatu ditu Azpeitiko IAk astelehenerako, "jaiegun arrotzei intsumisioa" lelopean

Maialen Etxaniz 2020ko urr. 9a, 09:27

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin egingo dituzte Herri Eskolak, 11:00etan hasita. Bertan, Lan sindikala ikastetxeetan eta autodefentsa sareak izeneko hitzaldi-tailerra egingo dute, "analisirako eta hausnarketarako" tartea hartuta. Ondoren, bazkaria egingo dute Gaztetxean.  

Hispanitatearen Eguna izango da astelehenean, urriaren 12an, eta urtero bezala, Azpeitiko Ikasle Abertzaleek Herri Eskolak antolatu dituzte egun horretarako, Jaiegun arrotzei intsumisioa lelopean. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin egingo dituzte Herri Eskolak, 11:00etan hasita. 

"Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko, eta Euskal Herriko ikasleok eskualdez eskualde elkartuko gara langileok erdigunean jartzen gaituen edukia mahaigaineratzeko", adierazi dute IAko kideek. "Hausnarketarako eta analisirako" parada izango dute ikasleek Herri Eskoletan: "Bizi dugun testuinguru gordinaren aurrean egindako eta egin daitekeen lan politikoaz hitz egiteko aukera izango dugu. Gainera, aurrean ditugun erronken nondik norakoak ulertu ahal izateko gakoak mahaigaineratuko ditugu".

Horretarako, Lan sindikala ikastetxeetan eta autodefentsa sareak izeneko hitzaldi-tailerra antolatu dute. Solasaldi-tailerra Ikasberri Ikastolan egingo dute, 11:00etatik aurrera. Ondoren, 13:30 aldera, bazkaria egingo dute Azpeitiko Gaztetxean.