Koronabirusa Azpeitian

Positiboen kopuruak gora egin du herrian beste behin

Julene Frantzesena 2020ko urr. 7a, 13:18

100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positibo kopuruaren tasak nabarmen egin du gora azken egunetan herrian; izan ere, azken astebetean 50 kasu atzeman dituzte, eta 332,12 da tasa. Gipuzkoako 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasarik altuena duen herria da Azpeitia.

Beste behin gora egin du atzemandako positiboen kopuruak herrian. Hain zuzen ere, hamar kasu atzeman zituen Osasun Sailak atzo Azpeitian. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positibo kopuruaren tasak nabarmen egin du gora azken egunetan herrian; izan ere, azken astebetean 50 kasu atzeman dituzte, eta gaur-gaurkoz, 332,12 da tasa. Gipuzkoako 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasarik altuena duen herria da Azpeitia.

Urola Kostan izan diren 21 positiboen ia erdiak, beraz, Azpeitian detektatu dituzte. Azkoitian, baina, beste sei kasu zenbatu ditu Osasun Sailak, eta gainerako positiboak Zestoan (2), Orion (1), Zarautzen (1) eta Zumaian (1). Azkoitian ere altua da azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren tasa. Hain zuzen ere, 35 positibo zenbatu dituzte joan zen astetik herri horretan, eta  Azkoitiko Udalak koronabirus agerraldirik ez dagoela jakinarazi badu ere, Osakidetza Azkoitiko 17 eta 60 urte arteko biztanleei PCR probak egiten hasiko da gaur bertan.

Sintomarik gabeko kutsatuen kopurua jakiteko martxan jarri berri duen Bizi Berri II planaren “zainketa eta kontrol” lanen barruan gauzatuko ditu proba horiek. Izan ere, Osakidetzak jakinarazi duenez, hainbat aldagai kontuan hartuta, Azkoitia da positibo kopuruen tasa altuena duen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herria.

681 kasu Hego Euskal Herrian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino PCR proba gehiago egin zituen Osakidetzak atzo: 10.022 –7.424 proba herenegun–. Eta atzo gauzatutako proba horietan positibo eman duten herritarren kopurua ere herenegungoa baino altuagoa da; izan ere, herenegun 336 positibo atzeman zituzten, eta 428 atzo. Horrenbestez, PCR proba gauzatu zuten herritarren %4,2k eman dute positibo azken orduetan –herenegun %4,5 zen kopurua–. Lurraldeka, berriz, Araban 58 positibo, Bizkaian 184 eta Gipuzkoan 180 positibo detektatu zituzten atzo. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei lagunek ere eman zuten positibo.

Atzokoan 31 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta guztira, 238 lagun –herenegun baino bi gutxiago– daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz. Horietatik 51 daude ZIUn, herenegun baino bost gutxiago. Beraz, behera egin dute bai ospitaleratuen kopuruak, bai ZIUn daudenen kopuruak. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea 0,97 da.

Nafarroan beste 253 positibo zenbatu zituzten atzo, egindako 3.165 PCR probetan; horrek esan nahi du poba egin zuten herritarren %8k eman zutela positibo. Lurralde horretan koronabirusa duten 246 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 25 ZIUn.