Brigade Loco, Cobra, Ezpalak, Amorante, Antonio Lizana, Izaro, Deñe... udazkenerako

Julene Frantzesena 2020ko urr. 7a, 11:34
Cobra taldeko kideak. (Cobra)

Kulturaz kooperatibak hainbat kontzertu iragarri ditu datozen asteetarako nahiz hilabeteetarako. Hainbat emanaldi izango dira Sanagustin kulturgunean nahiz Soreasu antzokian. Horietako batzuetarako sarrera guztiak agortuta daude, baina gainerakoetarako sarrerak Kulturaz.eus webgunea eskura daitezke.

Kultur ekitaldi aldetik, udazkena ere oparo dator Azpeitira. Kulturaz kooperatibak hainbat kontzertu iragarri ditu datozen asteetarako nahiz hilabeteetarako, eta horietako batzuetarako sarrera guztiak agortuta badaude ere, herritarrek izango dute gustuko musikaz gozatzeko aukerarik.

Asteburu honetan Brigade Loco taldea izango da Sanagustin kulturguneko agertokian: ostiralean eta larunbatean eskainiko ditu saioak taldeak, eta bi hitzorduetarako sarrera guztiak agortuta daude. Dena den, datozen asteetan izango diren emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke. Kultur Bonoa duten herritarrek aurrez erreserbatu beharko dituzte emanaldietaako sarrerak.

Honako hauek dira Kulturaz kooperatibak urtarrila bitarterako iragarri dituen kontzertuak:

Urriak 16, ostirala. Voodoo Charms + Indian feathers, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Katapulta Tourren barneko kontzertua doakoa izango da.

Urriak 17, zapatua. Liher + Cobra, 21:00etan, Soreasu antzokian. Hasieran Sanagustinen ziren emanaldiak eskaintzekoak, baina harako sarrerak agortuta, Soreasura lekualdatu zuten.

Urriak 20, asteartea. Testura, 19:00etan, Dinamoa sormen gunean. Sarrerak agortuta daude.

Urriak 24, zapatua. Ezpalak + Lemy River, 20:00etan, Sanagustin kulturgunean. Katapulta Tourren barruko emanaldietarako sarrerak agortuta daude.

Azaroak 6, ostirala. Aitor Etxebarria + Amorante, 21:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Azaroak 7, larunbata. Antonio Lizana, 21:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Azaroak 21, larunbata. Izaro + Deñe, 19:00etan eta 22:00etan, Soreasu antzokian. Bi emanaldietarako sarrera guztiak agortuta daude.

Azaroak 22, igandea. Udal Musika Bandaren Santa Xexili eguneko kontzertua, 13:00etan, Soreasu antzokian.

Urtarrilean, berriz, Freedonia nahiz Skakeitan eta Sua taldeak behintzat izango dira herrian. Kulturaz kooperatibak aurrerago jakinaraziko ditu beste kontzertu batzuen datak.