Steam Euskadi zigilua lortu du Azpeitiko Ikastola Ikasberrin egindako ElkarMaker proiektuak

Maialen Etxaniz 2020ko aza. 3a, 13:37

ElkarMaker egitasmoaren barruan Irakurgailua izeneko proiektua garatu zuten ikasberriko ikasleek, eta dagoeneko badu prototipoa. Irakurgailuak orri zuri batean idatzitakoa soinu bidez helarazten du. 

Azpeitiko Ikastola Ikaberriko LH3 eta DBH3 ko ikasleek ElkarMaker egitasmoaren barruan garatutako Irakurgailua izeneko proiektuak badu prototipoa, eta Steam Euskadi zigilua lortu du. Ikastolen Elkarteak eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoak martxan jarritako egitasmoa da Elkarmaker, eta gazteengan ekintzailetza-jarrerak sustatzea du helburu. 

Hiru maila ezberdinetako kooperazioan oinarritzen da ElkarMaker proiektua: LH3, DBH3 eta Ingenieritzako bigarren maila. Ikasturte hasieran taldeka egindako lanketa baten ondoren, Ikasberri Ikastolako LH3ko ikasleek proposatutako bi proiektu edo ideia atera ziren aurrera: Irakurgailua eta Jantzisuper. Ondoren, DBH3ko ikasleek ideia horietan oinarrituta, proiektuen maketak egin zituzten, eta azkenik, ingeniariek, maketa horietan oinarritutako prototipoak egin zituzten. Itxialdiaren ostean iritsi zen Irakurgailuaren prototipoa Ikasberrira.

Irakurgailuak orri zuri batean idatzitakoa soinu bidez helarazten du. Proiektuaren egileek azaldu dutenez, "besteak beste, itsuek gauzak ulertu ahal izateko eta gauzak automatikoki ozen esan ahal izateko sortutako gailua da Irakurgailua".

ElkarMaker ekimena I. Steam Euskadi Sarietako finalista da,  beste hamabi proiekturekin batera. Guztira, 133 proposamen aurkeztu zituzten Steam Euskadi Sarien lehen ediziora, eta horietatik hamabi izan dira finalistak. Hautagaitza aurkeztu duten 133 proposamenen artean aukeratu dituzte hamabi finalistak. Proiektu horietatik zazpi ikastetxeetatik iritsi dira; bi unibertsitateetatik; beste bi, elkarteetatik –horien artean da ElkarMaker– eta bat, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile baten eskutik.