Mont de Marsango espetxera egingo duten martxaren egitaraua aurkeztu du Sarek

Julene Frantzesena 2020ko urr. 7a, 10:48
Hainbat lagun elkartu ziren Mont de Marsanera egingo duten martxaren aurkezpen agerraldian.

Datorren urriaren 17an egingo dute martxa, Josu Urbieta Pow espetxeratuta dagoen kartzelara. Hainbat lagunek egun horretarako prestatutako egitaraua aurkezteko agerraldi jendetsua egin zuten atzo. Besteak beste, Aire ahizpen zein The Fridays Crew, Rotten XIII, Iheskide eta Kaleko Urdangak musika taldeen emanaldiak izango dira espetxe atarian. Martxara joateko derrigorrezkoa izango da Orkatzen izena ematea.

Azpeitiko Sarek Mont de Marsan (Frantzia) espetxera martxa antolatu du datorren urriaren 17rako, larunbata, eta hainbat lagunek atzo egin zuten egitasmoaren aurkezpena. Duela aste batzuk iragarri zuen Sarek Josu Urbieta Pow azpeitiarra preso dagoen kartzelara martxa antolatu zuela, baina orain egunari buruzko hainbat xehetasun azaldu dituzte dinamikako kideek. Hain zuzen ere, hainbat musika talderen emanaldiak izango dira espetxearen atarian.

Hilaren 17n, anbulatorioaren aurretik abiatuko dira autobusak Mont de Marsango espetxera, eta hara iristean kartzelari itzulia egingo diote. Ondoren, Aire ahizpen kantaldia izango da, eta segidan, ekitaldia gauatuko dute. Horren ostean, The Fridays Crew, Rotten XIII, Iheskide eta Kaleko Urdangak musika taldeetako kideen emanaldiak izango dira –ohi baino laburragoak–. Sarek azaldu duenez, kontzertuetara ezingo da kristalezko botilarik sartu. Azpeitira 19:00ak inguruan iristea aurreikusten dute Sareko kideek.

Izena ematea derrigorrezkoa

Oraindik ere zabalik da martxara joateko izena emateko epea. Autobusez, autokarabanaz, autoz nahiz furgonetan joanda ere, derrigorrezkoa da Orkatz kultur elkartean aurrez izena ematea, hara joan daitekeen pertsona kopurua mugatua delako. Horrenbestez, hala egiten ez duten pertsonek ezingo dute martxara joan. Bidaia autobusez egin nahi duten langileek hogei euro ordaindu beharko dute, eta hamar euro ikasleek nahiz langabeek. Bazkaritarako jatekoa eta edatekoa norberak eraman beharko du, baina mahaiak eta aulkiak martxaren antolatzaileek eramango dituzte.

Segurtasun neurriak zehazten dituen protokoloa osatu duela azaldu du Sarek, "distantziak mantentzeko eta jendea elkarren artean ahalik eta gutxien nahasteko". Gainera, maskara eramatea derrigorrezkoa izango dela ohartarazi eta autobusetan gel desinfektatzaileak izango direla jakinarazi du.

"Salbuespen politikarik ez"

Sareren arabera, euskal jendartean "gero eta adostasun handiagoa" ari da lortzen "bakearen eta elkarbizitzaren bidean presoak etxera ekartzeko". Dinamikak azaldu duenez, ez ditu "inolaz" onartzen "mendekuan" oinarritutako salbuespenezko espetxe politikak, eta adierazi du Josu Urbieta Pow, Gotzon Aranburu nahiz euskal preso, iheslari eta deportatu guztien egoerari aterabidea emateko helburuz ari dela lanean.

"Urteetan egindako lanak hainbat emaitza positibo eman ditu Frantzian, Mont de Marsanera eta Lannemezanera gerturatu baitute hainbat preso, tartean Josu Urbieta. Espainiako Gobernuan ere diskurtso aldaketa bat nabari da, baina oraindik emandako pausoak oso mugatuak izan dira". Azpeitiko Sarek esan duenez, Espainiako nahiz Frantziako gobernuek "urrats gehiago" egin ditzaten "esforzuak biderkatzeko" unea da.

Bestalde, azken egunetan izan diren atxiloketak salatu ditu dinamikak, "bakearen eta konponbidearen bidean atzerapauso argia" direla uste duelako. Egoera honekin amaitzeko garaia da, konponbide garaia da, ez akusazio zaharkitu eta korapilatsuen baitan espetxeak betetzen jarraitzekoa". 

Hilaren 17an Urbieta dagoen espetxera egingo dute martxa, baina Sarek jakinarazi du aurrerago beste martxa bat egingo dutela Gotzon Aranburu preso dagoen Villenako (Alacant, Espainia) kartzelara.