Langabezia tasak puntu erdia egin du behera Azpeitian irailean

Andoni Elduaien 2020ko urr. 7a, 08:00
Argazkia: Pixabay

0,5 puntu jaitsi da langabezia tasa abuztutik irailera bitartean. Joan den hilaren amaieran, 735 azpeitiar zeuden lanik gabe, Lanbidek emandako datuen arabera.

Udako oporraldiaren ondoren, langabeziak beheranzko joera hartu du irailean Azpeitian. Joan den hilean langabezia %10,2an kokatu zen, hau da, abuztuan baino 0,5 puntu baxuagoa izan zen. Lanbidek emandako azken datuen araberairaileko langabezia tasa uztailekoaren bera da, orduan ere %10,2 baitzen zenbatekoa.

Azpeitiko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%11,2) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,5) azpitik dago. Urola Kostako batez bestekoa, berriz, %9,6 da –abuztuan %9,5 zen–. Zenbateko hori baino 0,7 puntu altuagoa da Azpeitikoa egun.

Pertsona kopuruari erreparatuz gero, irailaren amaieran 735 lagun zeuden lanik gabe Azpeitian, abuztuan baino 36 gutxiago. Langabe horiek guztietatik 300 ziren gizonak, eta 435 emakumeak; hau da, emakumeak dira langabeen erdia baino gehiago.

Adin tarteka, berriz, aldeak nabarmenak dira; izan ere, 25 urtez azpiko herritarren artean 43 gizon eta 47 emakume zeuden lanik gabe pasatu berri den hilabetean; 25 eta 44 urte bitarteko tartean, ostera, 139 gizon eta 214 emakume; eta 45 urtetik gorakoetan, 118 gizon eta 174 emakume. Irailean ere lanik gabe zeuden herritar gehienak 25 eta 44 urte bitartekoak izan dira, beraz. Hiru adin tarteetan, gainera, emakume langabeen kopurua gizonena baino handiagoa da. 

Bestalde, irailaren amaieran langabezian ziren herritarrek aurrez zer eremutan lan egiten zuten ere zehaztu du Lanbidek kaleratu duen txostenean: 34 nekazaritzan, 162 industrian, 36 eraikuntzan, 381 zerbitzuetan; 122 lagun zeuden lehendik lanik gabe. 

Eskualdeko datuak

Aipatzekoa da kostaldeko herrien eta barrualdeko herrien artean joera desberdina izan dela. Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan behera egin du langabeziak, eta zenbateko berean mantendu da Errezilen. Gainerako herri guztietan, ordea, gora egin du langabeen kopuruak abuztuarekin alderatuta: irailean, guztira, 3.636 lagun ziren lanik gabe, abuztuan baino 27 pertsona gehiago.

Eskualdean lanik gabe zeuden pertsonetatik 1.579 gizonezkoak dira, eta 2.057 emakumeak. Azpimarratu behar da, gainera, lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa dela eskualdeko ia herri guztietan; Zestoan, aldea txikia bada ere, gizonezko gehiago dago langabezian.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak:

  • Aia %7,4 (abuztuan, %6,4)
  • Aizarnazabal %15,1 (abuztuan, %14,2)
  • Azkoitia %10,2 (abuztuan, %10,9)
  • Beizama %10,2 (abuztuan, %8,5)
  • Errezil %6 (abuztuan, %6)
  • Getaria %7,1 (abuztuan, %7)
  • Orio %9,9 (abuztuan, %9,5)
  • Zarautz %9,4 (abuztuan, %9)
  • Zestoa %9,5 (abuztuan, %10)
  • Zumaia %9,6 (abuztuan, %9)

Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena (%15,1), eta haren ostean dira Azkoitia, Azpeitia eta Beizama, hiru herriak %10,2ko tasarekin. Horiekin batera, Oriok gainditzen du eskualdeko tasaren batez bestekoa (%9,9); tasa bera dute, gainera, Zumaian. Gainerako herri guztietako tasa baxuagoa da.