Ipuinen maleta hustu zuen Lur Korta ipuin kontalariak

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 6a, 16:33
Atzoko ipuin kontaketako irudi bat. (Azpeitiko Udal Liburutegia)

Gozatua hartu zuten atzo arratsaldean Udal Liburutegiko ipuin kontaketa saioan izan ziren haurrek. Urriaren 19an Miriam Mendozak eskainiko du 5 urteko umeei zuzendutako saioa. Hara joateko, aurrez izena eman beharko da.

Ikasturte berriarekin, ipuin kontaketen XXXI. edizioa jarri zuten martxan Udal Liburutegian, eta atzokoan beste saio bat izan zen. Lur Korta ipuin kontalaria istorioz betetako maleta gorria soinean zuela iritsi zen Enparan Dorretxera, eta gozatua hartu zuten bertaratu ziren haurrek. Ordubeteko saioan, bost ipuin entzuteko aukera izan zuten: animalien ipuina, koloretako lumak nahi zituen txoriarena, Oliber mutiko dantzariarena, Maddiren zorionetako opil borobilarena eta arraunlariena.

Hurrengo saioa urriaren 19an izango da: Miriam Mendozak eskainiko du 5 urteko umeei zuzendutako saioa, 18:00etan hasita. Plazak mugatuak izango dira, eta aurrez izena eman beharko da Enparan Dorretxean kokatuta dagoen liburutegian bertan, 943-15 71 95 telefonora deituta edo 688 81 55 06 Whatsapp zenbakira mezua idatzita.