Koronabirusa Azpeitian

Beste sei positibo atzeman ditu Osakidetzak herrian

Julene Frantzesena 2020ko urr. 6a, 13:52

100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuruaren tasari erreparatuta, pixka bat gora egin du zenbatekoak: azken zazpi egunetan 44 kasu detektatu dituzte, eta 292,26 da tasa. Gipuzkoan, 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasarik altuena duen herria da Azpeitia.

Beste sei. Horixe izan da Osakidetzak atzo, astelehena, Azpeitian zenbatu zuen positiboen kopurua. 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuruaren tasari erreparatuta, pixka bat gora egin du zenbatekoak: azken zazpi egunetan 44 kasu detektatu dituzte, eta 292,26 da tasa. Gipuzkoan, 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasarik altuena duen herria da Azpeitia, eta atzetik dago Azkoitia. Izan ere, han 34 kasu zenbatu dituzte azken astebetean, eta 259,83 da tasa.

Atzo hamabi positibo atzeman zituen Osasun Sailak Urola Kostan. Azpeitiko sei positiboez gain, lau Zarautzen eta bi Azkoitian. Eskualdeko gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu. Gainera, badira azken zazpi eguentan positiborik atzeman ez duten herri batzuk, hala nola Aizarnazabal, Aia, Beizama eta Getaria.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino kasu positibo gehiago zenbatu zituen atzo Osakidetzak, baina gauzatutako PCR proben kopurua ere altuagoa izan zen. Hain zuzen ere, atzo 7.424 proba gauzatu zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan, herenegun baino 2.058 gehiago. Proba horietan 336 positibo atzeman zituzten atzo –272 herenegun–. Araban 52 positibo, Bizkaian 168 eta Gipuzkoan 112 zenbatu zituen atzo Osakidetzak. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau lagunek ere eman zuten positibo. Proba egin eta positibo eman dutenen ehunekoak herenegungoaren parekoa izaten jarraitzen du: %4,5. 

Atzo 33 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gaur egun, 240 lagun –herengun baino bost gutxiago– daude hiru lurralde horietako erietxeetan, koronabirusa tarteko. Horietatik 56 daude ZIUn –herenegun baino hiru gutxiago–. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea 0,95 da.

Nafarroan, bestalde, 272 kasu positibo zenbatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak atzo egindako 2.089 PCR probetan; %13ak eman zuen positibo, beraz. Guztira 233 pertsona daude Nafarroako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 24 ZIUn. Atzo, astelehena, hamazazpi lagun ospitaleratu zituzten, horietatik inor ez ZIUn. Horrez gain, "birusarekin zerikusia" duten sei heriotza berri ere jakinarazi ditu Nafarroako Gobernuak.