Zabalik da 8 eta 11 urteko gaztetxoei zuzendutako Irakurleen Txokoan izena emateko epea

Julene Frantzesena 2020ko urr. 6a, 11:09
2018ko Irakurleen Txokoko saio bateko irudia.

Gaztetxoek liburuak irakurtzeko eta horiekin lotutako ekintzak garatzeko aukera izango dute ikasturte guztian zehar. Iazko dinamika bera izango du egitasmoak: hilean behin elkartuko dira liburutegian. Urriaren 16a baino lehen eman behar da izena.

Hirugarren ikasturtez jarraian, Umeentzako Irakurleen Txokoa jarriko du martxan Udal Liburutegiak. 8 eta 11 urte arteko gaztetxoek eman ahal izango dute egitasmorako izena, eta horiek liburuak irakurtzeko eta horiekin lotutako ekintzak garatzeko aukera izango dute ikasturte guztian zehar.

Izena ematen duen ume kopuruaren arabera antolatuko dituzte saioak, baina liburutegiko arduradunen arabera, bi taldetan antolatuko dira ziurrenik: 8 urtekoen taldea –irakurtzen hasiberriak direnak– eta 9 eta 11 urte artekoak. Iazko esperientziari jarraituz, lan dinamika bana ezarriko dute talde horietan.

8 urtekoekin hilean behin jarritako zitan irakurriko dute hautatutako liburua, eta hori bukatzean, irakurritakoarekin zer ikusia duen ekintzaren bat gauzatuko dute liburutegian. Beste taldeko kideek, berriz, hilero liburu bat eramango dute etxera, eta irakurrita joango dira hilean behin liburutegian izango duten hitzordura. Horiek liburuaz hitz egiteaz gain, liburuari lotutako jolasak eta bestelako ekintzak egingo dituzte".

Umeentzako Irakurleen Txokoan izena emateko epea zabalik da dagoeneko, eta interesa dutenek hilaren 16a baino lehen gauzatu beharko dute inskripzioa 943-15 71 95 telefono zenbakira deituta edo 688 81 55 06 zenbakira Whatsapp mezua bidalita.