Ezohiko egoeran, ganaduzaleei laguntzera dator Behi Suharraren IV. Eguna

Ihintza Elustondo 2020ko urr. 6a, 10:41
Azpeitiko zezen plazan egingo dute Behi Suharraren Eguna.

Behi Suharraren IV. Eguna egingo dute igandean, egun osoan zehar, Azpeitiko zezen plazan. Euskal Herriko 40 bat errekortarik parte hartuko dute; tartean, sei azpeitiarrek: Eneko Martijak, Urko Arrietak, Xabi Iturraldek, Mikel Segurolak, Ander Carpinterok eta June Urainek. Euskal Zezenzaleen Elkarteak antolatu du jaia, ganaduzaleei laguntzeko helburuarekin. Azpeitiko Berrosueta ganadutegiak ere parte hartuko du ekitaldietan.

Behi Suharraren IV. Eguna egingo dute igandean, urriak 11, Azpeitian. Euskal Zezenzaleen Elkarteak antolatu du jaia, eta laugarren aldiz egingo dute. Dena dela, orain arteko edizioak Bergaran (Gipuzkoa) egin izan dituzte, eta, beraz, lehen aldiz iritsiko da festa Azpeitiko zezen plazara.

Euskal Herriko elkarte bat da Euskal Zezenzaleen Elkartea, eta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan nahiz Lapurdin ditu kideak. Tartean, badira zenbait azpeitiar ere; hori izan da Behi Suharraren Eguna Azpeitian egiteko arrazoietako bat. Hala ere, osasun krisiak eragindako ezohiko egoeran, bat izan da egun hori antolatzeko arrazoi nagusia: ganaduzaleei laguntzea.

Asier Albite Euskal Zezenzaleen Elkarteko presidenteak azaldu duenez, zerbait antolatzeko beharra sentitu dute aurten. "Ganaduzaleak urte osoan diru iturririk gabe egon dira. Kontuan hartzekoa da ganaduzaleek ez dutela apenas lanik egin iazko urritik, iazko Zezen Beltz asteburutik. Uda osoan ez dute lanik egin, eta negu osoa ere lanik egin gabe igaro beharko dute. Beraz, arrisku handia dute urte eta erdi diru sarrerarik gabe egoteko". Egoera horren aurrean, ganaduzaleei bultzada emateko antolatu dute Behi Suharraren Eguna: "Sarreretatik biltzen den diru guztia ganadutegien artean banatuko dugu. Ganadutegi batek gastu asko izaten du, eta nolabait lagundu nahi diegu". Era berean, "zezenzaleak berriro biltzeko" ere aprobetxatu nahi dute igandeko hitzordua. 

Helburu horiei helduz, egun osoko egitaraua prestatu dute. 12:00etan hasiko da festa; ordu horretan, Euskadiko IV. Uztai Txapelketa jokatuko dute. Lehia horretarako, ganadutegi bakoitzak behi bat jarriko du, eta behi bakoitzarekin errekortari bikote bat ariko da. Burdinezko uztai batzuk izango dituzte eskuetan errekortariek, eta zezenari adarretan sartu beharko dizkiote horiek. Bikote bakoitzak hiru minutuko tartea izango du, eta uztai gehien sartzen dituen bikotea izango da garaile. Era berean, proba horretan erabakiko dute zein izan den behirik suharrena; hau da, ausartena edo errekortariei zailtasun gehien jarri dizkiena.

Ondoren, neska errekortarien ikuskizuna izango da. Saio horretan, June Urain azpeitiarra aterako da zezen plazara, behi batekin errekorte batzuk egitera. Hori amaitzean, eguerdiko atsedenaren ordua iritsiko da.

17:30ean itzuliko da zezen festa berriro plazara. Ordu horretan, Euskadiko Behi Suharrik Onena Aukeratzeko IV. Txapelketa jokatuko dute. Ganadutegi bakoitzak behi bat jarriko du, eta behi bakoitzarekin lau errekortariz osatutako taldeak aterako dira plazara. Zezen plazan egurrezko oztopo batzuk jarriko dituzte, eta errekortariek lortu beharko dute behia beraien atzetik joatea, oztopoak gaindituz.

Hamar ganadutegi, 40 errekortari

Guztira, hamar ganadutegik parte hartuko dute Behi Suharraren Egunean; honako hauek izango dira: Bergarako Zezenak, Manzarbeitia, Leizarran, Marques de Saka, Ibiri, Lopene, Zelai Luze, Arno, Ruso eta Azpeitiko Berrosueta.

Ganadutegi horien behiekin batera, Euskal Herriko errekortari gazteek parte hartuko dute igandeko ekitaldietan. Guztira, 40 bat errekortari bilduko dira Azpeitiko zezen plazan, eta horietako batzuk azpeitiarrak izango dira, gainera: Eneko Martija, Urko Arrieta eta Xabi Iturralde goizeko txapelketan nahiz arratsaldekoan lehiatuko dira; Mikel Segurolak eta Ander Carpinterok arratsaldeko lehian parte hartuko dute, eta June Urain nesken ikuskizunean ariko da.

Goizeko eta arratsaldeko sarrerak aparte salduko dituzte antolatzaileek; haietako bakoitzak hamar euroko balioa du. Albitek azaldu duenez, sarrera asko saldu dituzte dagoeneko, baina oraindik gelditzen dira batzuk. Whatsapp bidez (695 765 110) edota honako sei taberna hauetakoren batean eros daitezke sarrerak: Jim Clark, Berdie, Mendizabal, Pastorkua, Korrale eta Eguzkitza. Guztira, 555 sarrera salduko dituzte, COVID-19 gaitzari aurre egiteko protokoloa aintzat hartuta.

Era berean, egunean bertan hainbat segurtasun neurri hartuko dute: tenperatuta hartuko diete zezen plazara joaten diren guztiei, gel hidroalkoholikoa jarriko dute sarreran, maskara jantzita joan beharko da eta metro eta erdiko distantzia utzi beharko da ikusle batetik bestera.