'La boda de Rosa' eta 'Zapatos rojos y los siete trolls' filmak ikusi ahal izango dira asteburuan eta astelehenean

Julene Frantzesena 2020ko urr. 7a, 08:00

La boda de Rosa eta Zapatos rojos y los siete trolls filmak emango ditu Kulturaz kooperatibak asteburuan Soreasu antzokian. La boda de Rosa zapatuan (22:00) eta astelehenean (19:30) emango dute, eta Zapatos rojos y los siete trolls filma, berriz, astelehenean (16:30). Hiru emanaldi horietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke.

La boda de Rosa 2020an estreinatutako lana da, eta Iciar Bollain arduratu zen haren zuzendaritzaz. Komedia eta drama uztartzen dituen lana da. Honako hau da filmaren sinopsia: "45 urte betetzear, ingurukoei begira bizi izan dela ohartzen da Rosa. Ihes egitea erabakiko du, dena uztea. Bere bizitzaren hegalen jabe izan nahi du, eta norbere enpresa eduki. Baina laster bere aitak, anaiek eta alabak beste asmo batzuk zituztela ohartuko da, eta familiak idatzitako gidoia aldatzea uste baino zailagoa dela ikusiko du".    

Zapatos rojos y los diete trolls filma, berriz, 2019an Hego Korean egindako lana da. Hong Sung-ho da animaziozko filmaren zuzendaria. Honako hau da haren sinopsia: "Zer gertatuko litzateke Zapata Gorriak ipuinetako printzesaren esteretipoen baitan kokatuko ez balitz? Eta trollak sorginkeria baten eraginez zaldun ausartak bihurutuko balira? Eta kanpo edertasunaren sekretua zapata gorri batzuetan gordeta egongo balitz?".