Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala izango da larunbatean Izarraitz pilotalekuan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 5a, 14:37
Mikel LarraƱaga artxiboko irudi batean.

Mikel Larrañagak, Julen Alberdi Txikia IV.ak, Ugaitz Mugertzak eta Jon Rekondok neurtuko dituzte indarrak, 18:30ean hasita. Egur Sportek antolatu du txapelketa, eta ez Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak ez du lehiarekin zer ikusirik. Larunbateko saioan harri-jasotzaileek ere parte hartuko dute

Aizkolariek eta aizkorazaleek hitzordu garrantzitsua dute larunbatean Azpeitian, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala izango baita Izarraitz pilotalekuan (18:30). Lau aizkolari ariko dira nor baino nor lehian: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Jon Rekondo leitzarra. Horiek bost izakeratako 35 enbor ebaki beharko dituzte, eta lanok gauzatzeko denbora gutxien behar duen kirolariak jantziko du txapela.

Egur Sportek antolatu du txapelketa, eta ez Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak ez du lehiarekin zer ikusirik. Izan ere, aizkoraren munduan urak nahasita daude aspalditxon. Duela bi aste iragarri zuten lehen eta bigarren mailako aizkolariek ez dutela parte hartuko federazioak antolatu ohi duen Euskal Herriko Txapelketan. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioarekin dituzten desadostasunak tarteko hartu dute erabakia, eta beren txapelketa antolatuko dutela iragarri dute. Federazioak “deitoratu” egin zuen aizkolarien jarrera, joan zen astean kaleratutako ohar baten bidez.

Larunbateko saioan harri-jasotzaileek ere parte hartuko dute. Binakako txapelketako lehen jardunaldia Iazarraitz pilotalekuan jokatuko dute Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ak. Horiek 175 kiloko laukizunena, 138 kiloko kubikoa, ehun kiloko zilindro zaharra eta bola erabiliko dituzte lanak egiteko. Gainera, emakumeen harri-jasotze erakustaldia eskainiko dute Karmele Gisasola Zelai III.ak, Virginia Finolek eta Udane Ostolazak.