Koronabirusa Azpeitian

Azpeitian hamasei positibo detektatu ditu Osasun Sailak asteburuan

Julene Frantzesena 2020ko urr. 5a, 13:10
Azpeitian izan zen agerraldian Betharramen egin zituzten PCR probak.

Azken zazpi egunetan gauzatutako PCR probetan, 38 lagunek eman dute positibo herrian. Hori dela eta, 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altunetakoa duen herria da. Hain zuzen ere, 100.000 biztanleko positibo kopuruaren tasa 252,41 da.

Osasun Sailak asteburuan gauzatu dituen PCR proben emaitzek aurreko asteburuko joerari eusten diote. Izan ere, lehengo asteburuan 48 positibo zenbatu zituen Osakidetzak Urola Kostan, eta oraingoan, berriz, 51 izan dira ostirala eta igandea bitartean positibo eman duten eskualdeko herritarrak.

Azken hiru egunetan Azpeitian zenbatu dituzte positibo gehien: hamasei positibo. Azken zazpi egunetako positibo kopurua tarteko, 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasa altuenetakoa duen herrietako bat da Azpeitia: 38 positibo atzeman dituzte azken zazpi egunetan, eta 100.000 biztanleko positibo kopuruaren tasa 252,41 da

Urola Kostako gainerako kasuetako gehienak Azkoitian eta Zarautzen atzeman dituzte: hamahiru eta hamar positibo, hurrenez hurren. Azkoitian, azken zazpi egunetan 34 kasu detektatu dituzte, eta 100.000 biztanleko positibo kopuruaren tasa Azpeitikoa baino zertxobait handiagoa da: 283,59. Gainerako positiboak Zumaian eta Orion (launa) eta Errezilen nahiz Zestoan (bina) detektatu dituzte.

Ospitaleratzeek gora egin dute

Osakidetzak 22.210 PCR proba gauzatu ditu azken hiru egunetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta proba horietan 1.032 positibo atzeman ditu; hau da, proba egin duten herritarren %4,6k eman dute positibo –herritarren %4,9k eman zuen lehengo astean–. Lurraldekako datuei erreparatuta, Bizkaian 486 kasu atzeman zituzten ostirala eta atzo artean; Gipuzkoan, 373 positibo; eta Araban, 153. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren hogei lagunek ere eman dute positibo asteburuan.

Gainera, RO indizeak behera egin du ostiraletik igandera: ostiralean 0,99 zen, eta 0,92 igandean. Dena den, ostiralean baino ia 3.000 PCR gutxiago egin zituzten atzo. Atzoko datuen arabera, 245 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan koronabirusa tarteko, horietatik 59 daude ZIUn –joan zen astelehenean baino lau gehiago–. Asteburuan, guztira, 79 lagun ospitaleratu dituzte, aurreko asteburuan baino zortzi pertsona gehiago.