Entzuteko eta ikusteko kontzertuarekin itzuli da Musika Banda

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 3a, 19:43

Martxoaz geroztik lehen aldiz igo dira musikariak oholtzara, Soreasu antzokian. Ohi baino ume gehiago elkartu da animaziozko hainbat filmetako doinuak eta irudiak uztartu dituen emanaldiaz gozatzeko.

"Iujuuu!", bota du ume batek, ikusleen barrea eraginez, Soreasuko argiak itzali eta Udal Musika Bandaren kontzertua hastera zihoala iragarri dutenean. Emanaldia hasteko irrikitan zegoen nonbait, eta ez zen bakarra izango. Izan ere, hilabete luzeetako hutsunearen ostean, gaur itzuli da herriko banda oholtza gainera, Karnabalez geroztik lehen aldiz, kontzertu bat eskaintzeko.

Marrazki bizidunak, animaziozko film ezagunak, izan dira emanaldiaren ardatza eta haria, eta bandaren ohiko emanaldietan baino ume gehiago elkartu da gaurkoan. Unai Frantsesena zuzendariak aurreratu bezala, zortzi film ezagunetako pieza ezagunak moldatu ditu bandak, eta moldaketa horiek film bakoitzaren pasarteekin osatutako irudi bildumekin uztartu dituzte musikariek gaurko saioan.

Kontzerturako prestatutako gonbidapen guztiak agortuta, COVID-19a saihesteko neurriek agindutakoak zorrotz bete dituzte antolatzaileek, protagonistek eta ikusleek. Bandako musikariek oholtza osoa hartu dute gaurkoan, beren arteko distantziak ondo gorde ahal izateko. Ikusleek, berriz, txintxo gorde dute ilara Soreasura sartzeko; sarreran, banan-banan  tenperatura hartu eta eskuak garbiaraztea akordarazi diete Kulturazeko langileek. Protokolo berriak luzatu egin du kontzertuaren hasiera, baina lasai eta pazientziaz bete dituzte guztiek egin beharrekoak.