Liher eta Cobra taldeen kontzertuak Soreasu antzokira aldatu dituzte

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 3a, 12:12
Liher taldea. (Liher)

Gaur hamabost, urriaren 17an, izango da hitzordua. Sanagustin kulturgunean zegoen iragarrita musika gaualdia, baina sarrerak agortuta eta "jasotako eskaeragatik", sarrera gehiago salgai jarri eta lekuz aldatzea erabaki du Kulturazek.

Liher eta Cobra rock taldeek urriaren 17an Azpeitian emango dituzten kontzertuak Soreasu antzokian izango dira azkenean, eta ez Sanagustin kulturgunean, hasieran iragarrita zegoen tokian.

Aste honen hasieran agortu ziren Sanagustinen iragarrita zegoen musika gaualdirako sarrerak. Baina Liherren eta Cobraren zuzenekoak ikusteko "jasotako eskaeragatik", sarrera gehiago ateratzea eta kontzertuak lekuz aldatzea erabaki du Kulturaz kooperatibak. Horrela, Soreasun izango dira azkenean kontzertuak, gaur hamabost, 21:00etan hasita.

Sanagustinerako sarrerak erosita zituztenek "ez dute ezer egin behar", azaldu du Kulturazek. Sarrera berriak, berriz, salgai daude dagoeneko Kulturazen webgunean.