Koronabirusa Azpeitian

Positiboen kopuruak nabarmen egin du gora herrian

Julene Frantzesena 2020ko urr. 2a, 13:43

Azken zazpi egunetan Azpeitian atzeman duten positibo kopuruaren –28 kasu– ia erdia atzo zenbatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Dena den, 100.000 biztanleko azken astebeteko positiboen kopuru metatua ez da askorik igo: 185,98 da.

Azken zazpi egunetan Azpeitian atzeman duten positibo kopuruaren –28 kasu– ia erdia atzo zenbatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Izan ere, hamahiru lagunek eman zuten positibo atzo gauzatutako PCR probetan. Dena den, 100.000 biztanleko azken astebeteko positiboen kopuru metatua ez da askorik igo: 185,98 da. Ikusteko dago, baina, atzo izandako positibo kopuruaren igoera joera edo salbuespena den. Gainera, Osasun Sailak ez ditu jakinarazten herrietako anbulatorioetan egiten dituzten PCR proben kopuruak, eta beraz, zaila da koronabirusak herrian duen eraginaren datu zehatzak ematea.

Urola Kostan, guztira, hemezortzi kasu zenbatu dituzte azken orduetan; Azpeitiko hamahiru kasuei, Azkoitiko eta Zarauzko bina eta Zestoako bat gehitu behar zaizkie. Azkoitian, beraz, nabarmen egin du behera positiboen kopuruak: herenegun hamabi atzeman zituzten, atzo baino hamar gehiago–. Dena den, 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren –36 kasu– tasak altua izaten segitzen du gaur-gaurkoz Azkoitian: 300,28.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du positiboen kopuruak: 418 kasu positibo detektatu zituzten atzo, eta 385 herenegun. Egindako PCR proben kopuruan ere bada alderik, ordea: atzo 7.946 proba gauzatu zituen Osakidetzak atzo, eta 10.969 herenegun. Atzo egindako probetan herritarren %5,2k eman zuen positibo. Herenegun, berriz, proba egin zuten herritarren %3,5ek.

Bizkaian 186 positibo zenbatu zituzten atzokoan, Gipuzkoan 142 eta Araban 70. Gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hogei lagunek ere eman zuten positibo PCR probetan. Atzo, 36 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun, koronabirusa tarteko, 244 lagun daude erietxeetan; astearen hasieran baino 29 pertsona gutxiago. Bestalde, ZIUn dauden lagunen kopurua mantendu egin da: 56 dira, guztira. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea ere mantendu egin da: 0,96 da.

Nafarroan, berriz, 335 kasu positibo atzeman zituen Osasun Sailak atzo, eta lau pertsona hil ziren koronabirusak jota. Gainera, hamahiru lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, horietako bat Zainketa Intentsiboetako Unitatean.