Soldata eta lanaldia %20 murriztea onartu ostean, Baikok kontratua berritu dio Alberdiri

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 2a, 12:57
Jon Alberdi pilotaria.

Baikoko pilotari gehienek hamabi eguneko greba egingo dute urrian, enpresaren jarrera salatzeko. Egoera jasangaitza dela esan dute, eta enpresak kaleratzeko mehatxuak egin dizkiela. Horien tartean da Jon Alberdi azpeitiarra ere. 

Ez dituzte garai gozoak bizi Baiko Pilota enpresan. Pandemiak eragindako krisialdiak enpresaren diru sarreretan nabarmen eragin duela argudiatuta, eta enpresaren etorkizuna bermatzeko helburuarekin, langileen lan baldintzak egoerara egokitzeko erabakia hartu du enpresak. Horrela, enpresak berak jakinarazi duenaren arabera, dagoeneko langileen %57rekin adostu ditu baldintza berri horiek; hain zuzen ere, lanaldia eta soldatak %20 murriztea datozen sei hilabeteetan. Jon Alberdi da enpresarekin akordiora iritsi den pilotari horietako bat, eta horrenbestez, enpresak kontratua berritu dio azpeitiarrari.

Baina akordiora iritsi ala ez, enpresako pilotari gehienak haserre daude zuzendaritzarekin. Hala adierazi zuten duela hamabost egun Tolosan egin zuten agerraldian, eta hala adierazi dute gaur goizean bertan Bilbon egin duten agerraldian ere. Eta iragarri dute greba egingo dutela. Enpresan duten egoera jasangaitza dela salatu dute, eta baita Baikok langileak kaleratzeko mehatxuak egin dizkiela ere. Horregatik, lanuzteak egingo dituzte urriaren 9an, 10ean, 11n, 12an, 16an, 17an, 18an, 19an, 23an, 24an, 25ean eta 26an. Lanuzteak iragartzeko agerraldi horretan izan da Jon Alberdi azpeitiarra ere, eta adibide gisa jarri dute haren kasua. Hain zuzen ere, kontratu berria mehatxupean sinatu duela salatu dute: "%20ko murrizketa onartu ezean kontratua galduko zutela esan zieten".

Greba bertan behera uztea enpresaren borondateak baldintzatuko duela adierazi dute pilotariek, eta negoziatzeko prest agertu dira. Juan Ramon Garai Baikoko kirol zuzendaria ere "hitz egiteko prest" azaldu zen atzo, eta jakinarazi zuen astelehenean asmoa zuela pilotari taldearen ordezkaritza batekin biltzeko.

Alberdi, osatzeko bidean

Alberdi min hartuta dago iragan uztailaren hasieratik, Larrabetzun (Bizkaia) partida bat jokatzen ari zela eskuin oineko bosgarren metatartso-hezurra hautsi ostean. Ebakuntza egin behar izan zioten, eta frontoira aurki itzultzea espero du.