Argazki jendetsua ateratzeko deialdirik ez du egingo Azpeitiko Sarek

Julene Frantzesena 2020ko urr. 2a, 09:54
Joan den uztailean ere elkartu ziren herritarrak Xoxoten, Sarek deituta. (Sare)

#650Tontor egitasmoa bertan behera utzi ostean, herriz herri argazki jendetsuak ateratzeko deia egin du Sarek. Azpeitiko dinamikako kideek, baina, ez dute hitzordurik jarriko herrian. Izan ere, haiek azaldu dutenez, beste deialdi bat egina dute dagoeneko: Mont de Marsan espetxera martxa egingo dute urriaren 17an.

Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea eskatzeko, #650Tontor egitasmoa zuen antolatuta Sarek biharko. Eguraldi kaskarra iragarri dutela eta, baina, bertan behera utzi dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan egitekoak ziren mendi irteerak. Dena den, atzeratu egin dute data; hain zuzen ere, 2021eko maiatzaren 8an gauzatuko dute, Sarek azaldu duenez.

Mendi irteerak egingo ez badituzte ere, larunbatean herrietan argazkiak ateratzeko deialdiak egin ditu Sarek. Herriz herri aterako dituzte argazkiak, baina Azpeitiko Sarek ez du deialdirik egingo. Izan ere, dinamikako kideek azaldu dutenez, hemendik bi asterako beste hitzordu bat du jarrita. Hain zuzen ere, urriaren 17an Mont de Marsan espetxera martxa antolatuta dute.