Adinekoen egoitzetako langileak grebara deitu ditu LABek astearterako

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 2a, 15:12
Egoitzetako langileak Azpeitiko plazan, LABek deitutako mobilizazio batean.

Pandemiak sortutako egoerak agerian utzi du, sindikatuaren arabera, egoitzetako langileek lan hitzarmena berritzeko egindako eskaeren zilegitasuna. "Txaloak gertaera zehatz bihurtzeko garaia" dela uste du LABek, "zaintzaren funtsezko funtzioa aitortuz, langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuz".

Helduen egoitzetan biluzik gaude! Lan baldintzak duindu, zerbitzua hobetu! Lelo horiek aukeratu ditu LAB sindikatudak datorren astearterako, urriak 6, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan deitu duen greba egunerako.

Koronabirusaren krisialdiak eztanda egin aurretik luze zetorren egoitzetako lan gatazkak irtebinderik gabe jarraitzen du, eta LABen ustez, pandemiak sortutako egoerak agerian utzi du egoitzetako langileek lan hitzarmena berritzeko egindako eskaeren zilegitasuna. "Egungo egoerak, berriz ere, arrazoia ematen digu, eta adinekoentzako arreta-eredu berri bat sortzeko beharra berresten digu; erdigunean adinekoak jarriko dituen eredu bat, eta ez enpresa kudeatzaileen negozioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespenarekin aberasten diren enpresak dira horiek; izan ere, adinekoen egoitzak zerbitzu publikoa dira, eta gipuzkoar guztiek finantzatzen dituzte zerga bidez", dio sindikatuak.

Adinekoek jasotako arreta "kalitatezkoa" izan dadin, halaber, ezinbestekoa da LABentzat "arreta ematen dieten langileek lan-baldintza duinak eta kalitatezkoak" izatea. Egoitzetan lan egiten duten emakumeek pandemia hasi zenetik erakutsitako konpromisoa goraipatu du sindikatuak, emakume horien lanaren prekarizazioa salatzearekin bat: "Pandemiarekin, emakumezko langileen lan-prekarietatea ikusgarriago bihurtu da, eta, hala ere, ez diote hor egoteari utzi, eta beti erakutsi duten bezala egiten jarraituko dute, emakume horiei axola baitzaizkie gure adinekoak". Koronabirusa agertu aurretik hor zeuden lan baldintzak eta gabeziak ez dituzte ahaztu nahi urriaren 6rako greba deialdia egin dutenek: "Langile falta, lan-erritmo gehiegizkoak, arrisku psikosozialen eta ergonomikoen eraginpean etengabe egotea, eta abar".

Horiek guztiak kontuan hartuta, LABen aburuz "bada garaia egungo zaintza eredua sakon jorratzeko, eta, horretarako, zaintzaren kudeaketa publikoaren aldeko apustu garbia egin behar da". Horregatik, "txaloak gertaera zehatz bihurtzeko garaia" dela uste du sindikatuak, "zaintzaren funtsezko funtzioa aitortuz, langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuz".

LABen iritziz, "pasibotasuna eta jaramonik eza" erakutsi dituzte aldundiak eta egoitzetako patronalek langileen eskaeren eta nahien aurrean. Jarrera horren aurrean, lan hitzarmenaren beharra aldarrikatu nahi dute, beste behin, astearteko greba egunean