Koronabirusa Azpeitian

Beste bost positibo zenbatu ditu Osakidetzak Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko urr. 1a, 14:45

Azken zazpi egunetako txostenetan denera hogei positiboren berri eman du Osasun Sailak; gaurko txostenaren arabera, 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren tasa 132,85 da herrian. Atzo egindako PCR probetan 20 positibo hauteman zituzten Urola Kostako herrietan; eta 608, berriz, Hego Euskal Herri osoan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak beste bost positibo atzeman zituen Azpeitian atzo egindako PCR probetan. Azken zazpi egunetako txostenetan denera hogei positiboren berri eman du Osakidetzak; gaurko txostenaren arabera, 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren tasa 132,85 da herrian.

Eskualdean, Azpeitikoak barne direla, beste hogei kasu positibo detektatu ditu denera Osasun Sailak atzo, asteazkena, egindako PCR probetan. Azkoitian atzeman dituzte kasu gehien; hamabi kasu positibo berri baieztatu dituzte han. Zarautzen zenbatutako bi positiboekin eta Zumaian agertutako bakarrarekin borobiltzen da Urola Kostako herrietako hogei positiboen zerrenda. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk zenbatu.

Azken zazpi egunetan Azkoitian atzeman ditu Osasun Sailak kasu gehien: 38. Haren ondoren, Zarautzen 28 baieztatu ditu Osakidetzak, hogei Azpeitian, hamabi Orion, hamar Zestoan, bost Zumaian eta bat Getarian. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute kasu bakar bat ere zenbatu azken astean. Hori horrela, 100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren tasa ere handia da Azkoitian, Gipuzkoako handienetariko bat: 316,96. Azkoitian, gainera, gaur jarri dute PCR proba egiteko gunea anbulatorio ondoan

608 positibo Hego Euskal Herrian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 10.969 PCR proba egin zituzten atzo, eta 385 lagunek eman zuten positibo; proba egin zutenen %3,5ak, hain zuzen. Lurraldeen arabera, Gipuzkoan baieztatu dituzte kasu gehien aspaldiko partez: 175 kasu guztira. Bizkaian, aldiz, 138 kasu berri zenbatu dituzte eta 63 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi kasu ere atzeman ditu, ordea, Osasun Sailak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, bestalde, 245 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 55 daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), Osasun Sailaren arabera,"COVID-19aren ondorioz". Atzo, gainera, beste 33 lagun ospitaleratu zituzten. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, azkenik 0,94an dago gaur. 

Nafarroan, aldiz, 223 kasu positibo berri zenbatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak. 3.317 PCR egin zituzten atzo, eta horietatik %6,7ak eman du positibo. Horrez gain, hamabi lagun ospitaleratu zituzten Nafarroako ospitaleetan. 214 pertsona daude ospitaleratuta, 26 ZIUn.