Igandean hasiko dira Organo Erromantikoaren XXI. Zikloko Azpeitiko kontzertuak

Olaia Juaristi 2020ko urr. 1a, 12:46
Edurne Korta, Pili Arrieta eta Sonia Vazquez, Bergarako, Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako ordezkariak, eta Itziar Urbieta eta Esteban Elizondo organistak.

Azpeitiko hiru emanaldiak Loiolako Santutegian izango dira, datozen hiru igandeetan. Lehen emanaldia Esteban Elizondok eskainiko du; bigarrena, Itziar Urbieta azpeitiarrak eta Loreto Fernandez Imazek; eta hirugarren eta azken saioa, Ignacio Arakistain organo-jotzaile azpeitiarrak, Jon Aramendi tronpeta-jotzaile azpeitiarrak eta Mariatxen Urkia sopranoak.

Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran izango da aurten ere Organo Erromantikoaren Nazioarteko XXI. Zikloa. Asteburu honetan hasiko dira emanaldiak, Azkoitian, eta lau astetan organoaz gozatu ahal izango da hiru herri horietan. Izan ere, askotariko emanaldiak prestatu dituzte lau asteburutarako.

Ekimenaren koordinatzaile den Esteban Elizondok gaur Azkoitian aurkeztu du egitaraua, eta bidelagun izan ditu Itziar Urbieta organista azpeitiarra eta hiru udalerrietako ordezkariak. Pandemia dela eta, zailtasunak izan dituzte aurtengo egitaraua osatzeko. "Azken orduan, esaterako, hiru kontzertu aldatu behar izan ditugu", azaldu du Elizondok. Horregatik, aurtengo egitarauan, Euskal Herriko musikariak izango dira ia denak, herrialdez aldatzeko dauden oztopoei aurre eginez.

Azpeitiko hiru kontzertuak, berriz, Loiolako Santutegian izango dira, datozen hiru igandeetan, 20:00etan hasita. Lehen emanaldia Esteban Elizondo organistak eskainiko du;  bigarrena, Ignacio Arakistain organo-jotzaile azpeitiarrak, Jon Aramendi tronpeta-jotzaile azpeitiarrak eta Mariatxen Urkia sopranoak; eta hirugarren eta azken saioa, Itziar Urbieta organista azpeitiarrak eta Loreto Fernandez Imaz organistak.

Azkoitiko emanaldiak Amabirjinaren Jasokundearen parrokian izango dira, eta Bergarakoak, San Pedro parrokian. Bi herri horietako kontzertu guztiak zapatuetan eskainiko dira, 20:00etan hasita.

Organo Erromantikoaren XXI. Zikloaren egitaraua

 

Azpeitia

Urriak 4, igandea. 20:00etan, Esteban Elizondo organista.

Urriak 11, igandea. 20:00etan, Ignacio Arakistain organista eta Jon Aramendi tronpeta eta Mariatxen Urkia sopranoa.

Urriak 18, igandea. 20:00etan, Itziar Urbieta organista eta Loreto Fdez. Imaz organista. Lau eskutara eta banaka joko dute.

 

Azkoitia

Urriak 3, zapatua. 20:00etan, Ana Belen Garcia organista, Easo emakumeen abesbatza eta Easo kapera gregorianista.

Urriak 10, zapatua. 20:00etan, Oscar Candendo organo-jotzailea eta Ana Otxoa sopranoa.

Urriak 17, zapatua. 20:00etan, Przemyzlaw Kapitulua organo-jotzailea.

Urriak 24, zapatua. 20:00etan, Azpeitiko eta Bergarako organo ikasleak.

 

Bergara

Urriak 3, zapatua. 20:00etan, Aitor Olea organista, Bergarako musika eskolako haurren abesbatza.

Urriak 10, zapatua. 20:00etan, Mikel Ansola organista eta Akelarre abesbatza.

Urriak 17, zapatua. 20:00etan, Oscar Candendo organista eta Ana Otxoa sopranoa.