Miren Amuriza: "Gure bertso neurrietara oso ondo egokitzen diren doinu eta metrikak topatu ditugu flamenkoan, eta alderantziz"

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 1a, 17:00

Miren Amurizak eta Askoa Etxebarrieta La Pulgak bertsoa eta flamenkoa uztartu dituzte Gorria ikuskizunean. Bihar, ostirala, emanaldia eskainiko dute Soreasu antzokian, 20:00etan hasita, eta oraindik eros daitezke sarrerak Kulturazen webgunean. Amurizak ikuskizunari buruz hitz egin du Uztarriarekin.

Nola sortu zitzaizuen Gorria ikuskizuna sortzeko ideia?

2018ko udan Lanku bekara aurkeztu ginen, eman egin ziguten, eta horri esker garatu ahal izan dugu proiektua. Beka horretara aurkeztea erabaki genuen sentipena geneukalako itxura batean oso-oso diferenteak diren bi kultur adierazpidetan uste baino elkargune eta antzekotasun gehiago topatuko genituela. Ez agian formetan, baina bai praktikan; izan ere, flamenkoak asko dauka inprobisaziotik, eta gureak ere bai. Oinarrizko erritmoetara eta oinarrizko metriketara jota, topatu genituen flamenkoan gure bertso neurrietara oso ondo egokitzen diren doinu eta metrikak, eta alderantziz; ikusi genuen gure doinu batzuk ere dantzagarriak direla. 

Beraz, flamenkoa eta bertsolaritza uztartzeko modukoak direla iruditu zitzaizuen...

Esperimentatzeko gogoa geneukalako hasi ginen. Guri iruditzen zitzaigun zerbait ateratzea egon zitekeela, eta bidea hasi genuen oso ondo jakin gabe zertan sartzen ginen eta nora iritsi nahi genuen.

Zer da Gorria ikuskizunarekin ikus-entzuleei kontatu nahi izan diezuena?

Ikusizuna bederatzi piezak osatzen dute, edo bederatzi palo-k, flamenkoan palo esaten baitzaio dantza mota bakoitzari; eta Gorria ipini genion ikuskizunari izena behar genuelako izen zabal samar bat horren barruan gai diferenteak jorratzeko. Pieza bakoitzak gai bati buruz hitz egiten du, hari bati jarraitu gabe, baina denak sartzen dira gorriaren txapelaren azpian. Hitz egiten dugu haserreaz, arriskuaz, lotsagorritzeaz, gorria koloreak daukan sinbologiaz… Eta irudiekin ere jokatzen dugu; esaterako, odola izan daitekeena, polizia baten kasko gorria izan daitekeena… Oso modu zabalean, kolore horren barruan egon daitezkeen adierak jorratzen ditugu.

Bat-bateko saioa al da?

Gidoi baten gainean goaz, baina esan daiteke gidoi hori nahiko malgua dela. Kopla sorta guztiak aldez aurretik idatzitakoak dira, baina momenturen batzuetan jolas ere egin dezakegu.

Iazko urrian estreinatu zenuten ikuskizuna. Zer moduzko harrera izan du?

Oso harrera ona jaso dugu. Gure publikoaren parte handi bat bertsozalea da, edo behintzat inguru horretatik datorrena, eta gehienak Askoa bezalako dantzari bat inoiz ikusi gabeak dira. Zentzu horretan, uste dut flamenkoaren inguruan aurreiritzi asko dauzkagula; baina Askoa taula gainean ikusten dutenean, nolako indarra daukan, nolako elektrizitatea, erabat harrituta gelditzen dira. Era berean, polita izan da ikustea bertsolazea ez den jendea eta euskalduna ere ez dena etorri dela Gorria ikustera. Hori biontzako izan da aberasgarria, biok iritsi baikara bakarka iritsiko ez ginatekeen publiko horrengana. 

Udaberrirako programatutako emanaldi guztiak bertan behera gelditu zitzaizkizuen. Nolako udazkena espero duzue?

Bete-betea; hemendik aurrera emanaldi pila bat ditugu programatuta, asteburuero, eta ezin gara kexatu alde horretatik ikusita beste kide batzuk nola dauden. Gureak daukan abantaila da formatu txikiko ikuskizuna dela; agertoki gainean biok bakarrik egoten gara, ez dugu behar beste ezer, eta horrek asko errazten ditu gauzak.

Zer esango zenieke bihar Gorria ikustera joan ala ez zalantzan dauden herritar horiei?

Azpeitia herri bertsozalea dela badakigu, dantzazalea ez dakit zenbateraino izango den, baina esango nieke animatzeko eta etortzeko, gauza xumea dela, baina ahalegin handiz egindakoa, eta gu gurea ahalik eta ondoen egiten saiatuko garela. Lehen ere bai, baina bizi dugun garaian nik uste are gehiago eskertzen dugula denok ere ordubete batez burua eta gorputza beste leku batera eramatea, eta horretarako aukera izango dute.