Koronabirusa Azpeitian

Marrazki bizidunetako doinuekin itzuliko da Musika Banda agertokietara

Julene Frantzesena 2020ko ira. 30a, 10:41
Bandak Errege Egunean Sanagustinen eskaini zuen emanaldiko irudi bat.

Uztailaren hasieran bertan behera utzi ostean, Udal Musika Banda irailaren 8an hasi zen entseguekin berriz ere. Itzulerako lehen emanaldia zapatuan eskainiko dute musikariek; 17:30ean, Soreasu antzokian. Dagoeneko gastatu dira gonbidapen guztiak. Harrigarriak, Oihaneko liburua, Sirenatxoa, Tarzan, Coco, Toy Story eta beste hainbat filmetako abestiak entzun ahal izango dira emanaldian.

Pasatu ziren karnabalak, eta iritsi zen COVID-19ak eragindako pandemina. Konfinamendua etorri zen segidan, eta ordura arte martxan ziren egitasmo nahiz dinamika guztiak, edo ia guztiak, gelditu egin ziren. Azpeitiko Udal Musika Banda ez zen salbuespena izan; izan ere, entseguak bertan behera utzi behar izan zituzten. Dena den, bandako musikariek ez zuten alde batera laga jarduna. Horren erakusle dira hainbatek balkoietan eskaini zituzten emanaldiak, Goizeko izarra abestia joz bailarako hainbat musikarik egin zuten bideoa edota banda gazteko kideek egin zituzten bideoak.

Ekainaren 9an bilkura egin zuten bandako ordezkariek, entseguei berriro ekin edo ez erabakitzeko, saninazio ez-festak arteko egitaraua zehazteko eta bandako "normaltasun berria" nolakoa izango zen adosteko. "Entseguekin hastea, pare bat ekitaldi egitea eta COVID-19az ez kutsatzeko protokoloa martxan jartzea erabaki zen", azaldu du Unai Frantzesena bandaren zuzendariak. Ekainaren 11n lehen entsegua egin zuten, eta uztailaren 10ean Loiolako Santutegiaren aurrean hainbat marrazki bizidunetako soinu banden kontzertua eskaintzea zen asmoa, baina horretan gelditu zen. Izan ere, kontzertu hura egiteko hartu beharreko neurriak ez ziren batere errazak Frantzesenak adierazi duenez.

Uztailaren 9an "egoerak behartuta" bertan behera utzi zuen entseguen jarduna joan zen irailaren 8an berrartu zuen bandak. "Kideak gogotsu bueltatu dira, nahiz eta normaltasun berriak bete beharreko neurri zorrotzak ekarri dizkigun entseguetara: 1,5 metroko tartean musikarien artean, musikari kopuru mugatua entseguetan, gela, maskara... Baina beno, gustuko lekuan aldaparik ez!", esan du Frantzesenak.
 

Eta lehen kontzertua

Entseguak bai, eta emanaldiak ere bai. Duela ia hiru hilabete Loiolan eskaintzekoak ziren emanaldia Soreasu antzokian eskainiko dute musikariek zapatuan, 17:30ean. Azkenean egin egingo dute: "Martxoan hasi ginen emanaldia prestatzen, kontzertua maiatzean egiteko asmoa baikenuen hasieran. Gero, uztailera atzeratu eta bertan behera utzi genuenez...". Dena den, dagoeneko agortu dira kontzerturako gonbidapen guztiak.
 
Marrazki bizidunetara egin ahal izango dute jauzi ikus-entzuleek, bandako kideei "asko" gustatzen zaielako filmetako soinu bandak jotzea. Baina bada beste arrazoi bat ere: "Hasieran maiatzean ginen kontzertua egitekoak, musika eskolako matrikulazioarekin batera, haurrei musikarekiko zaletasuna sortzeko, musika jarduerak erargarri egiteko eta musika eskolako matrikulazioa sustatzeko. Eta matrikulazio epea pasatu bazen ere, nahi duenak oraindik ere badu musika eskolako jardueretan izena emateko aukera".
 
Kontzertuan Harrigarriak, Oihaneko liburua, Sirenatxoa, Tarzan, Coco, Toy Story eta beste hainbat filmetako abestiak entzun ahal izango dira, eta haurrentzat "erakargarri" egiteko musika eta irudia uztartuko dituzte. Hain zuzen ere, Unai Frantzesenak berak egin duen bideo muntaiak lagunduta eskainiko dituzte piezak musikariek. "Orain arteko entseguetan musikaren alorra bakarrik jorratu dugu, eta aste hontako lana izango da musika pieza bakoitza dagokion irudiekin sinkronizatzen saiatzea. Izan ere, filmetako irudiak joko diren abestietara moldatu dira, musika pieza bakoitzak dituen gorabehera erritmikoak eta estilistikoak kontuan izanda", adierazi du zuzendariak.
 

Egitaraua

  • Harrigarriak (Michael Giacchino; moldaketak, Jay Bocook)
  • Oihaneko liburua (T. Gilkyson, R.&R. Sherman; moldaketak, John Moss)
  • Sirenatxoa (Alan Menken; moldaketak, Takashi Hoshide)
  • Gabon aurreko amesgaiztoa (Danny Elfman; moldaketak, Michael Brown)
  • Bi mundu-Tarzan (Phil Collins; moldaketak, Takashi Hoshide)
  • Nola entrenatu zure erensugea (John Powell; moldaketak, Sean O’Loughlin)
  • Coco (R. Lopez, R. Fuentes, G. Garcia; moldaketak, Eduardo Moreno)
  • Toy story (Randy Newman; moldaketak, Rieks van der Velde)