Koronabirusa Azpeitian

Aldi baterako lan erregulazioak urtarrilaren 31era arte luzatuko ditu Espainiako Gobernuak

Aitziber Arzallus 2020ko ira. 29a, 12:59

Madrilek CCOO eta UGT sindikatuekin eta patronalarekin hitzartu ditu lana aldi baterako erregulatu ahal izateko baldintzak. Zerrenda batean sartu dituzten sektoreetako enpresek baliatu ahal izango dute araudi berezia, eta soilik pandemiari lotutako arrazoiengatik. Gainerakoek, agerraldiei lotutako erregulazioak eskatu ahal izango dituzte, eta horretarako nahikoa izango da euren jarduera mugatuta egotea. Herrian, oraindik ere, dozenaka langile daude aldi baterako erregulazioen eraginpean.    

Espainiako patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen oniritziarekin, aldi baterako enplegu erregulazioak urtarrilaren 31ra arte luzatuko ditu Espainiako Gobernuak gaur, ministroen kontseiluan onartuko duten dekretuaren bidez. Herriko dozenaka langileri eragingo die horrek, oraindik ere badirelako koronabirusak emandako kolpeari eutsi ahal izateko enplegua erregulatzeko neurriak indarrean dituzten enpresak.

Patronalaren eta sindikatuen babesik lortu ezean ere, aurrera egiteko asmoa zuen Espainiako Gobernuak, baina, azkenean, erregulazio horien baldintzak beste bi aldeekin hitzartzea lortu du. Sindikatuek atzo eman zioten oniritzia gobernuaren proposamenari, eta gaur eman dio patronalak.

Madrilek eragotzi egin nahi zuen enpresek araudi berezia baliatzea koronabirusarekin lotura ez duten arrazoiengatik. Horregatik, lana aldi baterako erregulatzeko txostenak pandemiari lotuta soilik eskatu ahal izango dituzte zerrenda batean dauden sektoreetako enpresek. Urrian eta azaroan Gizarte Segurantzaren kotizazioetan %75etik %85era arteko deskontuak izango dituzte enpresa horiek, tamainaren arabera; eta abenduan eta urtarrilean, %60koak eta %50ekoak.

Horiez gain, agerraldiekin lotutako erregulazioak eskatzeko aukera ere izango dute enpresek, horien jarduera edozein dela ere. Uztailaren 1etik, txosten berezi horietara jo dezakete enpresek, goi aginduz itxi behar izan badute enpresa, eta aurrerantzean nahikoa izango dute mugak edukitzea; adibidez, tabernek ezin zerbitzatzea barran.