'Akelarre' filma ikusi ahal izango da zapatuan eta astelehenean Soreasun

Julene Frantzesena 2020ko ira. 30a, 08:00

Zapatuan izango da lehen saioa, 22:00etan hasita; eta astelehenean emango dute bigarren aldiz, 21:00etan. Sarrerak salgai daude Interneten. Akelarre Pablo Aguerok zuzendutako filma da, eta Donostiako 68. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu da. Euskal Herrian grabatutako da fikziozko film luzea.

Bukatu berri den Donostiako 68. Zinemaldiaren Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehian izan den Akelarre filma ikusi ahal izango da datozen egunetan Soreasu antzokian. Hain zuzen ere, zapatuan izango da lehen saioa, 22:00etan hasita; eta astelehenean emango dute berriz, 21:00etan. Bi emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.

Pablo Aguero argentinarrak zuzendutako film luzea da Akelarre. Fikziozko lana drama historiko generokoa da, eta Euskal Herrian grabatu zuten, hala nola Lagan, Itziarren, Urbasan nahiz Saran.

Honako hau da filmaren sinopsia: "Euskal Herria, 1609. Gizonak itsasora joan dira. Anak basoko festa batean parte hartu du auzoko emakumeekin batera. Rostegik, erregeak eskualdea garbitu eta kristautzeko izendatu duen epaileak, Ana atxilotu eta sorginkeria egotziko dio. Akelarrea, deabrua bere akolitoekin lizunkerietan ibiltzen den zeremonian parte hartu duela aitortzeko, beharrezkoa den guztia egitea erabaki du epaileak".