Angel Otaegi gogoan izan dute, haren hilketaren 45. urteurrenean

Uztarria.eus 2020ko ira. 27a, 13:15
Otaegiren hilobia, Nuarben.

Gaur bete dira 45 urte nuarbetarra hil zutenetik, eta urtero moduan omenaldia egin diote bere jaioterrian.

45 urte bete dira gaur, irailak 27, Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, eta hilketa haiek oroitzeko hainbat herritarrek gogoan izan dute Angel Otaegi gaur, Nuarben. Ekitaldiak goizean goiz hasi dituzte herritarrek, hainbatek mendi martxan egin baitu herriko plaza nagusitik Nuarbera, 08:30ean abiatuta.

12:30ean, berriz, lore eskaintza egin dute dozenaka herritarrek Nuarbeko hilerrian dagoen Otaegiren hilobiaren aurrean. Ondoren, berriz, Otaegiren familiako kideak omendu dituzte Nuarbeko pilotalekuan, poesia irakurketarekin hasi eta bestelako ekintzekin amaituta. 

Ekitaldian honako irakurketa hau egin dute:

"Koronabirusak tragedia erraldoia ekarri du, egungo sistema sozial, ekonomiko eta politikoaren gabeziak eta injustiziak sakonduz, eta, une berean, agerian utziz. Errepresioaren pandemiak ere jarraitzen du gurean, berriki Igor González Sola preso politikoaren bizitza eraman du. Euskal Herritik at hartzen dira gure bizitza baldintzatzen dituzten erabakiak, eta nabarmena da inoiz baino beharrezkoagoa dela gure buruaren jabe bilakatzea, bestela bizitzeko, hemen eta mundu osoan.

Geroari so egin behar diogu, nondik gatozen aintzat hartuta. Bizirauteko hautua egin zutelako gaude bizirik herri gisa. Duela hainbat hamarkada Euskal Herriaren herri gisako biziraupena zegoen kolokan, batetik, diktadura frankistak erabateko asimilazioa zuelako helburu; eta, bestetik, ekonomia, jendarte eta pentsamendu mailako aldaketek berezitasunen desagerpena eragiten zutelako, frantziar eta espainiar Estatu posinperialen eskualde bilakatzeko arriskua nabarmena zela. Areagotzen ari zen subordinazioaren kontra matxinatu ziren gazte ero batzuk, eta hamaika esparrutan hartu zuen indarra euskal matxinadaren suak. Estatuen erantzuna errepresioa eta satanizazioa izan zen: euskal basakeria espainiar eta frantziar zibilizazioaren aurka, tortura eta estatu terrorismoa zibilizazio horren adierazpen argigarriak direla.

Borrokak bideak irekitzen ditu. Munduan eman diren aurrerapen oro borroka askatzaileen ondorioak dira. Borroka askatzaileek hobetzen dute mundua, baina konkista sozial guztiek pribilegiatuen nagusitasuna urratzen dute, eta goikoak ez dira geldirik egoten. Borroka askatzaileen deslegitimazioa borroka bera bezain zaharra da. Indarkeria politiko batzuen gaitzespen moralistaren forma hartzen du, edo jendarte hausturaren narratiba, baina, sakonean, protesta eta beste mundu baten eraikuntza da deslegitimatu nahi dutena. Mundu osoan, eta Euskal Herrian ere bai!

Beste mundu baten eraikuntza da galarazi nahi dutena. Oraingo menderankuntzen defentsari errelatoaren lehia diote, eta batzuk amua irentsi eta moralismoaren joko zurian erori dira. Beste batzuk, berriz, badakigu zer den sakonean dagoena. Politika eraldatzailearen aukera da kriminalizatu nahi dutena, 78ko erregimena eta Frantziako bosgarren errepublika gainditu eta beste instituzionalizio prozesuak garatzeko aukera, hots, haustura demokratikoen aukera.

Biziraupenaren lehia irabazi zuten belaunaldi ezberdinetako gazte eroek, horregatik dago gure eskuetan bizitza duinaren erronka. Zor dieguna ez dugu inoiz ahantziko. Ez ditugu inoiz ahantziko, haien borroka askatzaileei esker sortu direlako egunko aukera berriak. Herri gisako bizitza erdigunean jarri zutelako gaude bizirik. Biziraupenaren erronkaz arduratu zirelako dugu gure aurrean bizitza duinaren lehia. Omenaldirik onena, askapenaren bidetik urrats berriak ematea!"